Gobernu Kontseiluak onespena eman dio, Saray Záratek zuzendutako Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailak eskatuta, Estudios y Obras Recalde enpresari adjudikatzeari Landako Parke Probintzialaren ondoan aparkaleku bat eta autokarabanentzako eremu bat eraikitzeko obrak, 906.760,85 euroan, BEZa barne. Kopuru horretatik, Foru Aldundiak bere baliabideekin finantzatzen du jarduketaren kostu osoaren % 53,16.
Zortzi hilabete
Obra egiteko epea zortzi hilabete izango da, eta hura gauzatuta, Landako Parke Probintzialean aparkalekuen sistema eta modua berrantolatu ahalko da, ibilgailuak ahal dela disuasio aparkalekuan aparkatu daitezen. Hartara, eta martxan jarri ondoren, presioa murriztu ahal izango da urtegiaren babes zonatik hurbilen dauden «aparkalekuetan».
Disuasio aparkalekua 9.826 metro koadroko lurzati batean kokatuko da, A-3014 errepidearen ondoan. Azalera horretan 288 plaza egongo dira: 25 autokarabanentzat, 253 ibilgailu estandarrentzat eta 8 mugikortasun urria duten pertsonentzat. Datorren urtean martxan jartzea aurreikusten da.
Jarduera honek, hondartza zonari zerbitzua emateaz gain, zuzenean komunikatuko du urtegiko oinezkoen eta bizikleten ibilbidearekin, eta antolamendurako eta aparkatzeko espazio egoki bat jarriko du.
Proiektu hau Landako eta Garaioko barrualdeko hondartzei buruzko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren esparruaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketa du, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze,
Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
ARGAZKIA: Txus Díez