Protokolo berria Arabako eskola kirolean

'Familien ordezkaria' izateko aukera dago eta epaileek mezuak eramango dituzte
arabako-eskola-kirol-protokolo-berria.jpg

 

2024-2025 denboraldiko eskola kiroleko programaren inaugurazio ekitaldia izan da asteazken honetan. Ekitaldi horren bidez, programaren garrantzia, bilakaera eta berrikuntzak ezagutarazten dira urtero. Aurten, berrikuntza nagusia Eskola kiroleko harmailetan errespetua sustatzeko protokoloa da, urtarrilean aurkeztu zen Irainik Ez, Kitto! – ¡El insultar se va a acabar! kanpainako konpromisoetako bat.

 

Federazioak

Kultura Etxeko eskaileretan aurkeztu du, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Arabako zenbait kirol federaziotako eta klubetako kideekin eta hainbat diziplinatako epaileekin batera.

 

Foru ordezkariaren ustez, «gure lurraldea jarduera fisikoaren eta kirol jardueraren sustatzaile aktiboa da, bai eta programazio, lehiaketa eta ekitaldi diseinuarena eta plangintzarena ere, eta erreferentzia da guztiontzako kirolaren filosofia ulertzeko eta gauzatzeko duen moduagatik. Bizitza ulertzeko modu horretan, funtsezkoa da haurtzarotik garatzea, bide beretik jarraitzeko».

 

Inbertsiorik onena

«Jarduera fisikoko eta kiroleko programak, gainera, garapen fisiko eta emozional egokia ahalbidetzen du, eta bizi ohitura osasungarriak eta zenbait balio (errespetua, berdintasuna, konpromisoa, ahalegina, mugak gainditzea eta talde lana) irakasteko tresna eraginkorrena da. Hori dela eta, kirola sustatzeko baliabideak erabiltzea ez da gastu bat; aitzitik, erakunde publikoek egin dezakegun inbertsiorik onenetakoa da, eta, horregatik, garrantzitsua da 20.000 parte hartzailetik gora izango dituen denboraldi honi hasiera ofiziala ematea, eta programa indartzeko egin diren berrikuntza guztien berri ematea», adierazi du foru ordezkariak.

 

Inaugurazio ekitaldian, eskola kirolaren denboraldi hasierako datuen berri eman dute (20.001 lagunek eman dute izena), bai eta protokoloaz gain izango diren bestelako berrikuntzen berri ere.

 

Protokoloa

Arabako eskola kiroleko eragileen ekarpenak jaso ondoren, behin betiko protokoloa onartu da. Bertan, honako hauek jaso dira, besteak beste:

Harmailetan errespetua sustatzeko protokoloa. Harmailetan errespetua sustatzeko protokoloa modalitate/diziplinen araudi espezifikoetan jaso da, eta honako berrikuntza hauek ditu:

 

Prebentzio neurriak:

Taldeek familien ordezkari bat izateko aukera izango dute, beren taldeko ikusleen portaera ona bultzatzeko.

Epaileek errespetuaren aldeko mezuak eramango dituzte elastiko edo petoetan.

Kirol erakundeek protokoloaren berri eman behar diete taldeetako kide guztiei eta kirolarien senideei.

Kirol modalitate bakoitzaren araudiek neurri espezifiko bat jasotzen dute, lehiaketetan kirol legea sustatzeko.

Zorrotzago jokatuko da gorabeheraren bat izanez gero; izan ere, hiru urrats egin ordez, bi jarduketa egingo dira, gertakaria eragin duen pertsonari edo pertsonei instalazioa uzteko eskatu edo, halakorik ezean, lehiaketa eten aurretik.

Figura berriak gehitu zaizkie lehendik zeudenei, epaileari protokoloa aplikatzen laguntzeko edota hura aplikatzea eskatzeko: familien ordezkariak, federazioko ordezkariak edo federazioak jardueren antolatzaile izendatutakoak.

Xehetasunez definitzen dira gorabeherak izan diren partidu baten ondoren epaileek, kirol federazioek eta inplikatutako kirol erakundeek egin behar dituzten jarduketa guztiak, dagozkion diziplina edo zuzenketa neurriak hartzeko eta, ahal den neurrian, berriz ere gorabeherak izatea saihesteko.

Kirol erakundeek protokoloa betetzea eta kirol legea eta errespetua sustatzeko ekintzak egitea positiboki baloratuko dira eskola kirolerako dirulaguntzen deialdian.

 

Foru arduradunaren hitzetan, «konpromisoa daukagu eskola kiroleko errespetu faltak baztertzeko, epaileak, kirol eragileak eta oro har adingabeen jardueraz errespetuz gozatzen duten familiak ahalduntzeko, eta beharrezkoa den ‘klik soziala’ eragiteko. Eskerrak eman behar dizkiegu zenbait federaziori, beren lankidetzagatik ez ezik, beren protokoloetan jadanik lanean ari zirelako ere, protokolo horiek oinarritzat hartu baititugu», adierazi du Del Valek.

 

24/25 denboraldiko datuak

Hasi berria den 2024-2025 denboraldiko datu hauen berri eman dute. 20.000 izen emate baino gehiago izan dira programan. Ohi bezala, denboraldian zehar kopuru hori areagotzea espero da.

 

Erakunde kopuruari dagokionez, 256k eman dute izena programan: 66 ikastetxe, 170 klub eta 20 federazio. Hiru kirol modalitate berri daude: hipika, tranpolina eta parkourra.

 

Beste berrikuntza batzuk

Gainera, beste berrikuntza batzuk ere aurkeztu dituzte. Multi B jardueran izena eman duten kirolarientzako kirol bakarreko jarduerak edo lehiaketak. B kirol anitzeko jardueran (multikirola, baina modalitate bat lehentasunezkotzat jotzen duena) izena eman duten taldeek/kirolariek, kirol anitzeko udal topaketetan parte hartu ahal izateaz gain, lehentasunezkotzat hautatutako modalitateko federazioak antolatutako asteburuko lehiaketa/jardueretan parte hartu ahal izango dute.

 

Benjaminaurreko kirolarientzako (6-7 urte) jarduerak. Federazioek kirol bakarreko topaketak antolatuko dituzte (gehienez sei) benjaminaurreko kategoriako kirolari/talde ugari dauden modalitate/diziplinetan. Topaketa horiek ezin izango dute bat etorri zenbait udalerrik antolatutako kirol anitzeko topaketekin.

 

Desgaitasunen bat duten eskola umeentzako jarduerak

Familien eskura jarri da Arabako kirol erakundeek desgaitasunen bat duten eskola umeentzat eskaintzen dituzten jardueren katalogo bat. Azaroan zehar zabalduko da.

 

Eskola kiroleko jardueren direktorioa

Webgune bat prestatu da, familiek Arabako Lurralde Historikoan eskola kiroleko jarduerak antolatzen dituzten erakunde guztiak kontsultatu eta ezagutu ahal izateko. Webguneak aukera ematen du bilaketak modalitatearen eta udalerriaren arabera iragaziz egiteko, kirola egiteko tokiak errazago bilatu ahal izateko.

 

Jarduera irekien programa

Joan den ikasturtean hasi zen jarduera irekien programari modalitate/diziplina berriak gehitu zaizkio (100 jarduera baino gehiago): saskibaloia, futbola, izotz gaineko hockeya, izotz gaineko patinajea, piraguismoa. Azaroaren hasieran emango da programatutako jarduera guztien berri.

 

Kirolari transexualak

Transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legean ezarritakoaren arabera, ikasleek beren sexu edo genero identitatearen arabera emango dute izena lehiaketetan, hau da, sentitzen duten sexuari edo generoari dagokionaren arabera. Era berean, bermatu beharko da jarduerak gauzatzen diren instalazioetan parte hartzaile transexualek beren sexuari dagozkion komun eta aldageletan sartzea eta horiek erabili ahal izatea.

 

Eskola kiroleko garraioa

Ostiralean jakinarazi zen 2024-2025 ikasturteko eskola kiroleko kanpainan parte hartzen duten kirolarien garraioa normaltasunez egiten ari dela pasa den asteburutik; zehazki 50 autobus daude lehiaketetarako, eta 26 autobus baino gehiago, astelehenetik aurrera, entrenamenduetarako.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

ZUK-jazzvital.gif

30 de octubre de 2024