Foru Aldundiak Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) aurkeztu du Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaiak zeharkatzen dituen ibilbidea. «Geltoki zaharrek, geralekuek, meategi guneek eta tunelek natura- eta industria-ondare bikaina osatzen dute, eta ondare hori ikusgai egiten dugu, hedatu eta ezagutarazi nahi dugun eta zorroztasunean, errespetuan eta jasangarritasunean oinarritutako ibilbide baten bidez», azpimarratu du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatuak, ingurumen proiektu hori Estatuko erreferentziazko turismo ekitaldian aurkeztean.
39 kilometroko trazadura
Ibilbideak 39 kilometroko trazadura proposatzen du, Zekuianoko tunelean hasi eta ondare intereseko lekuak bisitatuta, hala nola Elortzako lantegia, «balio historiko eta morfologikoengatik eta espazioaren berezitasunagatik nabarmentzen dena, lantegia meatze ahoaren ondoan dagoelako», azaldu du Zaratek. Maeztuko geltokia, San Ildefonso herrixka edo Durrumako meategiak dira bisitatu beharreko beste leku batzuk.
Lucia meategia trazaduraren beste erreferentzia espazioetako bat da; izan ere, Europan asfalto naturaleko bi meategi bisitagarrietatik bat da, eta 300 metro inguruko galeriak ditu induskatuta. Leize horietatik asfalto naturala sortzen da oraindik ere.
Atauriko Vasco Navarro trenbidearen geltoki zaharra zaharberritzea da foru erakundea berreskuratzen ari den ibilbideko beste aktibo bat, espazio berezi hori Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentro bihurtzeko.
Meatze gunea, toki horretan kokatua, eta Vasco Navarro trenbidearen bide berdea eta Korresko meatze herrixka ibilbidearen beste erreferentzia batzuk dira.
318.447,33 euroko inbertsioa
Azken batean, bisitariek ibilbidea oinez eta zati batzuetan bizikletaz ere egin dezaten da, Arabako enklabe horretako paisaiaren berezitasuna aztertzeko. Trazadura egokitzeko eta ingurumena eta paisaia lehengoratzeko foru erakundeak egin dituen lanek asfalto naturaleko meatze paisaien testuinguru geologiko, natural eta sozioekonomikoaren ikuspegia eskaintzen dute, eta 318.447,33 euroko inbertsioa egiten dute (BEZa barne), Europar Batasunak – NextGenerationEU – Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan finantzatutako Asfalto Naturalen HTJPren 2,1 milioietatik.
Gaur egun, trazadura seinaleztatzeko lanak amaitzear daude. Lan horien berezitasuna da ibilbidearen 15 puntu estrategiko digitalizatu direla, estalduraren arabera hautatuak. Puntu horiek QR kode bat izango dute, bistaratzen ari den paisaia baliabideari buruzko informazio gehigarria deskargatzeko aukera emango duten edukiekin.
Udaberrian prest
Udaberrian izango dute bisitariek ibilbide hori egiteko aukera, Saray Záratek nabarmendu duenez, «iraganean beren nortasunari eutsi dioten arren, benetako erakargarritasuna dute Arabako Mendiaren bihotzean».
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia