Aulki berritzailea mendian haur guztientzat

Arabako familiak dira tresna berri horretaz gozatuko duten lehenak  
aulki-berritzailea-mendian-haurrak.jpg

 

Mendia maite duen ingeniari estatubatuar batek lana uztea erabaki zuen, desgaitasuna duen bere alabari zaletasun horretaz gainerako familiakoekin gozatzeko aukera emango zion aulki bat diseinatzen aritzeko. Horrela sortu zen ekimen hau, mendiko gurpil lodi bat duen aulki berezi bati lotutako motxila bat,  haurrei ohiko aulkietarako irisgarriak ez diren bidezidor horietatik ibiltzeko aukera ematen diena. Vital Fundazioak ahalbidetu du Gasteiz izan dadila aulki horietako bat duen Espainiako lehenengo hiria.

 

Aulki berritzaile horren aurkezpena astelehen honetan egin dute Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Senderos Accesibles-eko Yosu Vázquezek eta tresna berritzaile hori probatzera animatu den familia batek. Aulkia gidatzeko prestakuntza espezifiko laburra eta praktikak egin behar dira, segurtasun osoz erabiltzeko. Beste gidatze-sistema batzuk ez bezala (Joelette aulkiaren kasua, adibidez), pertsona bakar bat nahikoa da familientzako aulki berri hori gidatzeko. 

 

Gasteiz, aulki berritzailea duen lehen hiria Espainian

Vital Fundazioaren ekarpen horri esker, desgaitasunen bat duten pertsonak mendi-arloan ibiltzearen alde lan egiten duen Senderos Accesibles ekimenak esperientzia hobea eta seguruagoa eskaini ahal izango die txikienei, esperientzia aparta, familiakoekin bizitzekoa eta berritzailea. Gidatze-sistema hori oraindik ez da Estatura iritsi, eta Gasteiz izan daiteke hura hedatzeko atea. 

 

Aulki berritzaileak mendian irisgarritasuna eskaintzen du

“Aulki berri horri esker, aukera-sorta zabala izango dugu desgaitasunen bat duen kideren bat duten familientzat, baita naturako jarduerak antolatu eta den-denek parte har dezatela nahi duten elkarteentzat nahiz ikastetxeentzat” adierazi dute aurkezpenean. “Aulki hori erabiltzea eta gidatzea Joelette-rena baino praktikoagoa da, pertsona bakar batek gidatu dezakeelako, eta horrek askoz errazago, familiarrago, intimoago eta irisgarriago egiten du. Zorua nolakoa den ez da oztopo izango guztiok naturaz goza dezagun”, azpimarratzen dute. 

 

Senderos Accesibles eta Vital Fundazioa

Vital Fundazioaren eta Senderos Accesibles ekimenaren helburua da datorren urterako ingurune naturaletatik doazen ibilbideen programazioa eskaintzea, mendi-ibiliak familian, gelakideekin edo lagunekin egiteko, eta, horrela, behin betiko edo aldi baterako desgaitasunen bat edo mugikortasun urria duten umeen inklusioa bultzatuko da. Halaber, Vital Fundazioaren laguntza jaso eta desgaitasuna duten pertsonekin diharduten tokiko elkarteei ere eskainiko zaizkie irteerak. Azken batean, berdintasun, inklusio, enpatia, elkartasun, laguntasun… balioak transmititzea da helburua.

 

ARGAZKIA: Vital Fundazioa

ZUK-jazzvital.gif

30 de octubre de 2024