Desgaitasuna duten langileak, ikusgai Indesan

'Oso gai' da Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta aukeratu den lema
indesaren-gaitasunen-istorioak.jpg

 

Abenduaren 3an, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunean, Indesak bere sei eremuetakoren batean (gizarte etxe eta egoitzen garbiketa, industria lantegiak, ikuztegia, sukaldaritza, lorezaintza eta aireportua) lan egiten duten eta desgaitasunen bat duten 1.000 pertsona baino gehiagoren balioa nabarmendu nahi du, eta haiek ahaldundu. Hain zuzen, Arabako Lurralde Historikoko enpresa handienetako bat da.

 

Plantillaren %90ek desgaitasunen bat du

Indesa administrazio publikoen partaidetzako irabazteko xederik gabeko sozietatea da -Arabako Foru Aldundiarena da zatirik handiena-, eta plantillaren %90ek desgaitasunen bat du. Haren helburua da desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko.

 

Moldeak hautsi

‘Oso gai’ lemapean, kanpainak moldeak hautsi nahi ditu eta Indesan lan egiten duten pertsonen gaitasun guzti-guztiak nabarmendu nahi ditu, dela foru egoitza bateko harreran daudenenak, dela gizarte etxeen garbiketan dabiltzanenak, hainbat enpresari paketatze zerbitzuak ematen dizkietenenak, Osakidetzarako arropa garbitzen dutenenak, hiriko lorategiak konpontzen aritzen direnenak, egoitzetako erabiltzaile diren adinekoentzako janaria prestatzen dutenenak, dela Forondako Aireportuko kafetegian lan egiten dutenenak.

 

Hiru bideoren bidez, eta ildo nagusia –‘Indesako gaitasunen istorioak’– ardatz hartuta, eskaintzen duten eguneroko eta beharrezko zerbitzuaren berri eman nahi zaie zentroko langileei eta gizarteari, oro har. Horretarako, Cristianen laguntza izan dute: Zuzenbidean lizentziaduna da, Lan Zuzenbideko masterra dauka eta C1 maila dauka bai ingelesean bai euskaran. Duela zazpi hilabete lortu zuen lehen lana Indesaren bitartez, eta harrezkero Gasteizko Abetxuku auzoan dagoen Zadorra foru egoitzaren harreran lan egiten du. Han, erabiltzaileei, haien familiei eta enpresa hornitzaileei arreta ematen die bere gurpil aulkitik. Marianek Apdemaren bitartez ezagutu zuen Indesa, eta 12 urte baino gehiago daramatza hainbat arlotan lanean. Orain, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Lakua egoitzako sukaldean eta jantokietan laguntzen du, eta dagoeneko bi urte daramatza han.

 

Potentziala eta gaitasunak

Kanpainaren helburua da, gainera, Indesako langileen zerbitzuak jasotzen dituzten enpresek beren langileen potentziala eta gaitasunak ezagut ditzatela. Lan horretan, Lascaray enpresak parte hartu du. Arabako hiriburuan 200 urte baino gehiago daramatzan enpresa da, eta, Indesaren sorreratik bertatik, desgaitasunen bat duten langile eskarmentudunak izan ditu bere produktuak egiteko (LEA).

 

Azken batean, «gaitasunen istorioak», lurralde honetan egiten duten lanaz harro sentitzeko eta, aldi berean, Arabako gizarteak Indesako langileen ekarpen ekonomikoa eta soziala balora dezan.

 

Sakatu hemen kanpaina ikusteko.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

 

 

ZUK-jazzvital.gif

2 de diciembre de 2024