Saharako kanpamenduetako gazteei buruzko diagnostikoa Arabatik

Azterlanak lagundu egingo die Saharako agintariei hainbat zailtasuni aurre egiteko
diagnostico-juventud-saharaui.jpg

Saharar herriarekiko lankidetza proiektuen barruan, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalarekin batera, sahararren kanpamenduetako gazteen egoerari buruzko diagnostikoa egiten, editatzen eta argitaratzen lagundu du.

 

Diagnostikoa arabieraz, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskura daiteke, eta hark saharar gazteen errealitateari buruzko begirada sakona eskaintzen du, alderdi sozial, ekonomiko eta kulturalei helduz errefuxiatuen kanpamenduen testuinguruan. Funtsezko tresna da Saharako gazteen beharrak, erronkak eta indarguneak ulertzeko, bai eta agintari sahararrei haien garapena eta erresilientzia sustatuko duten estrategiak eraikitzen laguntzeko ere.

 

Zerumuga berri baten bilaketa

Diagnostikoa, zeinak Saharako gazteak: erresistentziak, egokitzapenak eta zerumuga berri baten bilaketa izena baitu, joan den urrian aurkeztu zen Bilbon egin zen Mendebaldeko Sahararekiko Elkartasunaren aldeko Gazteen Mundu Foroan. Hainbat herrialdetako 150 gazte inguruk parte hartu zuten, saharar herriarentzako etorkizun baketsu eta aske bat eraikitzeko prest.

 

Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak azterlana finantzatu du Gasteizko Udalarekin batera, Arabako SAEDen Adiskideen Elkartearekin 1997az geroztik duen lankidetzaren esparruan. Erakundearen ordezkari Marta Poncek, Jeanette Lopezek eta Joseba Gallastegik diagnostikoa aurkeztu diote gaur goizean Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuari, Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariorde Fatma Mohamed Salemek ere parte hartu duen topaketa batean.

 

Iñaki Gurtubai foru diputatuak adierazi duenez, Arabako Foru Aldundiak “ibilbide luzea egin du saharar herriari babesa ematen, bizi duen gatazkarako irtenbide zuzen eta behin betikoaren alde, eta lurralde okupatuetan eta Tindufen (Aljeria) errefuxiatutako sahararren kanpamenduetan bizi diren pertsona guztien giza eskubideen errespetua aldarrikatzen”.

 

Iñaki Gurtubaik gogorarazi duenez, topaketa «EBko Justizia Auzitegiaren epai historikoek markatutako testuinguru erabakigarri batean egin da”. Ebazpen horien arabera, estatu kideek uko egin behar diote Mendebaldeko Sahararen lurraldearekin zerikusia duen edozein jarduera ekonomiko egiteari, baldin eta Mendebaldeko Saharako herriak, bere ordezkari legitimoaren bidez (Fronte Polisarioa), aldez aurretik eta informatuta, ez badio baimen librerik eman jarduera horri. “Epai horiek berresten dute Marokok ez duela Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik, Saharako herriak autodeterminazio eskubidea duela eta subiranotasun iraunkorra duela lurraldeko baliabideen gainean”, berretsi du.

 

Foru diputatuak nabarmendu duenez, une honetan, Arabako erakundeak hainbat proiektu ditu, eta haiek “Saharako herriaren giza eskubideen babesean eragitea ahalbidetzen dute, bai eta gazteei beren etorkizuna beren nortasunari uko egin gabe bideratzea ahalbidetuko dieten tresnak eta baliabideak ematea ere”.

 

Proiektu horiei esker, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko Gazteria eta Kirol Ministerioko langileei aholkularitza eta laguntza teknikoa eman ahal izango zaie, zuzenean eta lekuan bertan, funtsezko zenbait alderdiri buruz, hala nola genero ikuspegia politika publikoetan txertatzeari buruz, plangintzari buruz, tokiko gaitasunak indartzeari buruz eta emakume saharar gazteen parte hartze politikoa sustatzeari buruz.

 

Saharako gazteen kezkak

Saharako gazteen egoera berebiziko garrantzia duen gaia da. Talde honek hainbat arazori egin behar die aurre, hala nola hezkuntza eta enplegua eskuratzeko zailtasunei, etorkizunerako perspektibarik ezari eta beste problematika batzuekiko kalteberatasunari. Funtsezkoa da talde honi arreta ematea Saharako herriaren orainaldirako eta etorkizunerako.

 

Kanpamenduetako gazteen egoerari buruzko azterlan honen alderdi garrantzitsuenetako bat da enplegua eta prestakuntza direla gazteen kezkak eta bizi arazoari eman dakizkiokeen konponbideak egituratzen dituzten ardatzak. Diagnostikoaren atalean gertatzen dira itxaropenen eta errealitatearen arteko arrakala sakonenak, bai eta gaiari ematen zaion garrantziaren eta gogobetetzearen artekoak ere.

 

Diagnostikoak agerian uzten du, halaber, saharar gazteek konfiantza handia dutela beren gobernuan, eta, aldi berean, gizarteko erakundeen errelebo logiko gisa eratu ahal izateko daukaten irrika erakusten du. Gobernazio praktikoan parte hartu nahi dute, adin talde gisa dagozkien interesak agenda komunean garatu ahal izan ditzaten. Nabarmendu behar da emakumeek parte hartze handiagoa dutela eremu instituzional prekarizatuetan, hala nola hezkuntzan, eta erakundeek edo gizarte eragileek (GKE-ek, esaterako) sustatutako gune informaletan. Emakumeek etxeko lanak eta zaintza lanak egitearekin batera parte hartze dute halakoetan.

 

Baliabide ekonomikorik ezak, egoera konpontzeko ezintasunak eta bizi horizonterik ezak eragindako arazoen ondorioz, itxaropen eta konfiantza falta dago etorkizunean, batez ere gazteen artean. Horretan guztian, garrantzitsua da, halaber, gatazkaren konponbiderik eza eta horrek itxaropenik gabeko eta gatazkaren sorreraren eta bilakaeraren berri izan ez duen gazteengan dituen ondorioak.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

ZUK-jazzvital.gif

27 de enero de 2025