Tokiko merkataritzarekin gabon kanten bidez

Prentsan, irratian, sare sozialetan eta hiri euskarrietan egongo da kanpaina
erosi-bertan-gabonak-gasteiz.jpg

 

Komunikazio kanpaina berri batek Arabako herritarrak gonbidatzen ditu gabon kanten bidez Gabonetako jai horietan «tokiko merkataritza oparitzera», kalitatezko produktuak eskuratzeko eta Gasteizen eta Araban enplegua eta aberastasuna sortzeko funtsezko sektore bati laguntzeko. Kanpaina Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteiz On elkarteak sustatzen dute, eta Vicente García abesbatzaren lankidetza berezia izan du.

 

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak, Clara Navas Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak eta Diego Martínez de San Vicente Gasteiz On elkarteko presidenteak kanpaina hori aurkeztu dute astelehen hnetan prentsaurrekoan, eta Gasteizko erdialdea eta auzoak animatzeko prestatutako programa osoaren berri eman dute. Horretarako, antzerki narrazioak, ipuinen eta jaiotzen ibilbideak eta kandelen gaua egingo dira, besteak beste.

 

Tradizioa gabonetan

Cristina Gonzálezek azaldu duenez, kanpaina horren bidez «arabarrak gonbidatu nahi ditugu Gabonetako erosketak eta opariak egitera Gasteizko eta Arabako gainerako tokiko dendetan, eta deialdi hori pozez egin nahi dugu Gabonetan hain tradizio handiko gauza baten eskutik: gabon kantak. Hala kanpainaren elementu grafikoetan nola sare sozialetarako diseinatutako iragarkian eta irratiko iragarkietan agertzen dira».

 

Eragin positiboa kaleetako bizitzan

Bestetik, Clara Navasek adierazi duenez, tokiko dendetan erosteak «eragin positiboa du gure kaleetako bizitzan, gure hiriak antolatzeko moduan. Tokiko merkataritzari laguntzeak guztiontzako leku indartsuagoa eta jasangarriagoa eraikitzen laguntzen du, eta, beraz, administrazioak eta sektoreak ahaleginak areagotu behar ditugu, herritarrei gogoeta eragiteko hurbileko merkataritzaren garrantziaz».

 

Aldaketak kontsumo ohituretan

Diego Martínez de San Vicentek, era berean, gogorarazi du kontsumo ohituretan izan diren aldaketa guztiak gorabehera, Gabonek oso garai garrantzitsua izaten jarraitzen dutela sektorearen gehiengoarentzat, eta erakundeei eskerrak eman dizkie, beren artean elkartzeko eta tokiko merkataritzarekin lankidetzan aritzeko eskuzabalak izan direlako. Halaber, herritarrei eskatu die kontuan har dezatela, erosketak egiterakoan, hurbileko merkataritzako saltegiek egiten duten ahalegina gasteiztar guztiek Gabonetan giroaz, jarduerez, argi egiturez eta abarrez gozatu ahal izan dezaten.

 

Kanpainaren lelo nagusia, formatu elebidunean, hau da: Gabonak dira. Gasteiz-Araba oparitu, Erosi bertan bizi bertan zigiluarekin eta gabon kantak abesten ari diren pertsona batzuen marrazkiez osatutako irudi grafikoa. Sare sozialetan eta irratietan argitaratzeko iragarkietan leloa agertzen da Gasteizko Vicente García abesbatza kanta marmarrean ari den gabon kanta batekin.

 

Kanpaina abenduan eta urtarrileko lehen astean izango da, prentsan eta irratietan, sare sozial garrantzitsuenetan eta hiri euskarrietan, bai Gasteizen, bai lurraldeko beste herri batzuetan. Baita Gasteizko taberna eta jatetxeetan ere, kanpainaren irudia duten paperezko mahai zapien bidez, eta Gasteiz Onek erakundeekin lankidetzan herritarrei eskainiko dizkien dinamizazio jardueren eskuko programetan.

 

Dinamizazio programa

Jarduera programa horrek barne hartzen du ohiko Gabonetako Ipuinen Ibilbidea, zeinak aukera ematen baitie helduei eta adingabeei Gabonetako klasiko handiak biziberritzeko, Mintxo Cemillán eta Sara Luna artistek Gasteizko dendetan margotutako erakusleihoen bidez. Ibilbide horiek gailu mugikorretan deskarga daitezkeen audiogidekin eta antolatutako bisita gidatuekin jarraitu ahal izango dira.

 

Ibilbideak 11 ipuinek osatuko dituzte, eta horien zatiak banatuko dira Adurtza, Zaramaga, San Martin, Lovaina, Zabalgana, Erdi Aroko hirigunea, Lakua Arriaga eta Judimendiko 62 establezimendutik gorako erakusleihoetan.

 

Programatutako beste jarduera bat Erakusleihoetako Jaiotzen Ibilbidea da, bosgarren edizioa betetzen duena. Hiriko saltegiak jaiotzak hartuko dituzte beira arasetan, gehienak Arabako Belenzaleen Elkarteak lagata. Jaiotzek Natibitatearen hainbat eszena jasoko dituzte, eta erakusgai egongo dira etengabe eta modu logiko batean, ibiltzeko errazak izateko ideia oinarri. Haurrentzako ebakinak ere egongo dira parte hartzen duten establezimenduetan.

 

Programan XXIV. Kandelen Gaua nabarmentzen da, Erdi Aroko Almendra argiz eta magiaz beteko baitu berriz ere, abenduaren 20ko arratsalde/gauean. Azkenik, berritasun gisa, hamar bat narrazio antzeztuko dira, gabon kanten jatorri historikoa ardatz hartuta, tokiko merkataritzari keinu eginez eta gure auzo, herri eta hirietako bizitzarako duten garrantzia azpimarratuz.

 

Bestalde, Gasteizko tokiko merkataritzak zerbitzu bereziak ere eskainiko dizkie gasteiztar eta bisitariei Gabonetako jaietan, erosketak errazteko eta egun kutun horietan gozatzeko:

  • Opari ideien katalogoa. Merkataritzak, ostalaritzak eta tokiko zerbitzuek ehunka ideia proposatuko dituzte festa horietan oparitzeko hainbat kategoriatan: etxea, gourmet, moda eta osagarriak, sormen aukerak… baita maskotentzako opariak ere.
  • Gutunak Olentzerori eta Hiru Erregeei. Gasteiz Oneko kide diren dendek gutunak izango dituzte txikiek Olentzerori eta Hiru Erregeei idazteko eta Andra Maria Zuriaren plazako informazio gunearen ondoan dagoen postontzian botatzeko.
  • Zozketak sare sozialetan. Gasteiz Oneko Instagramen bidez, 100 euroko 6 sari zozkatuko dira («Oparitu Gasteiz» txartelak), tokiko negozioetan gastatzeko lehiaketaren dinamizazioa jarraitzen dutenen artean (asmatu gabon kantak).
  • «Oparitu Gasteiz» txartela. Gasteiztarrentzako oparitxo perfektua: mugikorrean deskargatzen den opari txartela, 30 €, 50 € eta 100 €-ko aukerekin kargatua, urte osoan zehar gastatzeko hiriko 260 negoziotan baino gehiagotan: arropa dendak, liburu dendak, loradendak, ostalaritza, zerbitzuak…
  • Gasteiz On Gune informazio guneak. Andra Maria Zuriaren plazan eta Arka plazan egongo dira kokatuta, bertako merkataritzaren Gabonetako kanpainari buruzko argibideak emateko. Gainera, erosketen ondoriozko opariak, doako zerbitzuak (paketatzea, kontsigna…) eta opari ideiak jasotzeko lekua izango da.
  • Sariak erosketak egiteagatik. Tokiko dendetako bezeroek opariak lortu eta doako zerbitzuez baliatu ahal izango dute, Gasteiz On Gune edozein informazio gunetan aurkeztuta tokiko establezimenduetan 20 eurotik gorako erosketa egin deneko ordainagiria.

 

Jarduera programari eta zerbitzu berezien katalogo horri buruzko informazio guztia web orri honetan egongo da eskuragarri: regalagasteiz.eus, eta Gasteiz On Gune informazio guneetako pantailetan.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

 

ZUK-jazzvital.gif

25 de noviembre de 2024