Pasa den urtarrilaren 31an, Ibarrako frontoi ondoko kontenedore multzoari su eman zioten beste behin ere. Oraingoan errefusaren kontenedorea eta plastikoarena guztiz erre ziren, udalak azaldu duenez.
Ondoan dagoen kontenedore zuria ere erre zen. Kontenedore honetan bigarren bizitza bat emateko arropa, elektragailu txikiak, jostailuak… jasotzen dira. «Ez dugu pentsatu nahi barruko materialak su hartuz gero zer gertatuko zen», dio udalak.
Zuhaitz bat sutara
Sutea gutxi ez balitz, frontoi ondoko zuhaitz bat enborretik apurtu eta sutara bota zuten.
Udalak «beste behin gaitzetsi egin nahi ditu horrelako ekintzak. Dakarten kostu materialagatik, baina batez ere edozein egunetan suak gain hartu eta kalte materialez gain, kalte pertsonalak ere egon daitezkeelako».
ARGAZKIA: Aramaioko Udala