Urtarrilaren 11an itzuliko dira Larunbat musikalak. Formatu txikiko kontzertu eta ekitaldien ziklo horretan, antzinako musika, musika klasikoa, garaikidea, zarzuela nahiz beste kultura batzuetako musikak izaten dira. Arte Ederren Museoa du agertoki nagusi, baina ez bakar, eta hamar kontzertu izaten dira (hilean bat, udako bi hilabetetan izan ezik).
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren arabera, «aniztasun handia dugu 2025 honetako programazioan: komedia musikal liriko bat, errezital musiko-poetiko bat Gloria Fuertes protagonista dela, harpa, akordeoia, musikal bat, ganbera musika, perkusioa… eta hori guztia, berriz ere, tokiko eta hurbileko produktuekin«; izan ere, Arabako artistak gehiengoa izango dira, baina Gipuzkoatik, Bizkaitik, Nafarroatik eta Errioxatik ere etorriko dira. «Soinu eskaintza desberdina izango da, azken batean», adierazi du.
Helburuak
Programak lortu nahi dituen helburuak oso kontuan hartuta, talentu gazteei laguntzen jarraitzen da: berriki beka jaso duen bat (Beatriz Bertalotto) eta ibilbidea abiarazten ari den beste bat (Ainhoa López de Munain, 2023ko bekaduna). Eta haiekin batera, dagoeneko finkatuta dauden talentuak.
Ikuskizun guztiak doakoak dira, baina gonbidapena jaso behar da Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, urtarrileko musikalerako, eta Arte Ederren Museoan, gainerakoetarako. Kontzertu bakoitzaren aurreko astean emango dira bakoitzari buruzko xehetasunak.
ONE Musikala
2024. urtea hasi zen bezala abiatuko da 2025a: haur, gazte eta familia osoarentzako ikuskizun batekin. Laudioko ArteOn gazte abesbatzak sortutako musikal bat da, lurraldeko hainbat lekutan (Amurrio, Agurain) dagoeneko arrakasta izan duena: ONE Musikala. 10 urtetik gorakoentzat gomendatua. Kasu horretan, ohi bezala Arte Ederren Museoan egin ordez, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egingo da, ikusle gehiago hartzea ahalbidetzen baitu. Urtarrilaren 11n izango da, 12:30ean.
«Hiru neska Sophie lagunarekin arituko dira maitasunaren bila munduan zehar. Milaka kilometro egingo dituzte, abenturaz eta dibertsioz beteak; pertsonaia bitxienak ezagutuko dituzte eta musikarik onenaz gozatuko dute. ArteON Laudiok bere ONE musikala aurkezten du. Kantua, dantza eta antzerkia jatorrizko gidoi batean, abesti zoragarriekin batera».
1.000 pertsona baino gehiago, 2024ko edizioan
2024ko programa oso arrakastatsua izan da. Edukiera bete da kontzertu guztietan. Batzuetan, aretoko ateak irekita utzi ziren, ikusleak zeuden esparru osoan musika entzuteko. Horregatik, urritik aurrera, nahitaez gonbidapena jaso beharra ezarri zen. Arte Ederren edukiera 97 pertsonakoa da, eta hori da interesdunen eskura jarritako gonbidapenen kopurua (bi, pertsona bakoitzeko). Guztira 1.000 pertsona inguru joan dira eman diren 10 kontzertuetara, gehienak emakumeak (% 68).
«Musikariek beraiek areto nagusiaren akustika eta edertasuna nabarmendu dute oraingoan ere. Programazioa askotarikoa izan da. Urtarrileko emanaldia haurrentzat izan da eta gainerakoak adin guztietako jendearentzat. «Badira kontzertu guztietara joaten diren entzule fidelak, baita beste probintzia batzuetatik datozenak ere», adierazi du Del Valek.
Parte hartzaileen batez besteko adina altua da. Baina Arabako gazteen kontzertuetan entzule gazteagoak, senideak eta lagunak izan dira.
Zikloaren helburu nagusietako bat musikan etorkizun handia duten gazteei entzule talde txiki samar baten aurrean arituz zuzeneko emanaldietara ohitzen joateko aukera ematea da; horregatik, diputatuaren esanetan, «ideia ona izan da gazte bekadunak programan sartzea oraingoan ere.» Erakutsi dute sobera prestatuta daudela eta musika arloko etorkizuna direla», Arabako Foru Aldundiaren eta Bizkaikoaren beka jaso duten gazteek parte hartu dute.
Argibide gehiago: https://www.kulturaraba.eus/es/-/conciertos-de-sabados-musicales.
ARGAZKIA: Freepik