Laudioko adinekoen kolektiboaren hazkundearen aurrean, Udalak bideragarritasun-plan bat jarri du abian, etorkizunean haientzat jantoki bat ezartzeko. Era berean, eta adinekoen autonomia eta parte-hartzea sustatzeko helburuarekin, inkesta bat sortu da datu kualitatiboak bildu ahal izateko eta laudioarrek zerbitzu horretan izan dezaketen interesa ezagutzeko. Galdetegiak adinari, bizitokiari, mugikortasun-baldintzei, premia dietetikoei eta interesdunencmotibazioei buruzko datuak bilduko ditu.
Abenduaren 5era arte
Inkesta, 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua, Zuineko paperezko edizioan, udaletxeko hallean eta San Rokezar eta Santa Ana erretiratuen klubetan dago eskuragarri. Formularioa modu fisikoan entregatu ahal izango da udaletxean eta erretiratuen klubetan gaitutako postontzietan, edo online, abenduaren 5era arte.
Sozializazioa bultzatzeko
«Proiektu honekin topalekuak sustatu nahi ditugu Laudioko adinekoen artean, sozializazioa bultzatzeko, elikadura-ohitura osasungarri eta orekatuak sustatzeko, zerbitzuak izan lezakeen eskaria ezagutzeko, eta adinekoen parte hartzea dagozkien gaietan bermatzeko», zehaztu du Aitor Fernández de Pinedo Gizarte Kohesioko zinegotziak.
«Proiektu honekin topalekuak sustatu nahi ditugu Laudioko adinekoen artean»
AITOR FERNÁNDEZ DE PINEDO
ARGAZKIA: Biblioteca de Llodio