Kirola eta euskara ‘Marka eta Erronka’ topaketan

Ekitaldiak Ander Gebara futbolariaren presentzia izan du besteak beste
marka-eta-erronka-euskara-kirola.jpg

 

Marka eta Erronka, euskara eta kirola uztartu nahi dituen eragileen topaketak, edizio berri bat ospatu zuen asteazkenean. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) bi urtean behin antolatzen dute eta bertan, euskarak kirolean duen egoera aztertzea eta aurrerabideak identifikatzea da helburua.

 

Kirol arloan lan egiten duten pertsonak dira gonbidatuak: erakundeetako kirol zerbitzuetako teknikariak, federazioetako kideak, klubetakoak, guraso elkarteetako kirol koordinatzaileak, eta baita kirolari, entrenatzaile eta kirol epaileak ere. Aurtengo deialdian kirol-jardueraren dimentsioa nabarmendu nahi izan dute, eta jarduera horietan euskarari sarbide ematea zenbateko garrantzia duen azpimarratu.

 

Ander Gebara

Josune Velez de Mendizabal aktore eta kazetariak Ander Gebara elkarrizketatu du. Bere kirol-ibilbideaz jardun du: futbolean nola hasi zen eta Real Sociedad eta Alaves taldeetan zer aurkitu duen. Hainbat aholku eman ditu, futbolean aritu nahi duten haur eta gazteentzat. Euskarak bere ibilbide horretan izan duen lekua azaldu du halaber.

 

Publikoaren partetik hainbat kirol-entitateetako praktika onak aipatu dira, eta lantaldeetan jardun dute klubetan eta elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egin daitekeenaz eztabaidatuz. Material hori guztia jaso da eta laster argitaratuko dira ondorioak.

 

Laugarren edizioa

Aurten laugarren edizioa da eta Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta AFDA euskaren erabilera sustatzeko egiten ari diren lanaren testuinguruan kokatzen da. Hiru entitateak hainbat lan-ildo garatzen ari dira elkarlanean: dirulaguntzak, euskara-planak kirol-entitateetan, entrenamenduetan euskara erabiltzeko dinamizazio-saioak, entrenatzaileen formazioa eta abar.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

ZUK-jazzvital.gif

12 de diciembre de 2024