Ostiral honetan Aiarako Kuadrilla topa egin da, Aguiñiga gaztandegian, Txakolin Biziren irekiera eta aurkezpena dela eta. Bertan izan dira erakundeetako ordezkari asko, hala nola Iñigo Pinedo (Aiarako Kuadrillako presidentea), alkateak, Aiaraldeko ekoizleak, Aldundiko kideak eta Kuadrillako teknikariak, besteak beste.
Esperientzia enogastronomikoak
Txakoli Biziren laugarren edizioa ospatzen da Aiaraldearen zaporea ezagutzera emateko eta, aldi berean, eskualdeko produktuen inguruko proposamen ezberdinez gozatzeko. Azaroaren 24ra bitarte, jarduera eta esperientzia enogastronomiko ugari jorratuko dira; hau da, tailerrak, dastatzeak, showcookinga, kirola, umorea, bisita antzeztua, musika eta antzerki-ikuskizuna.
Txakolinaren Ibilbidea eta Aiarako Kuadrilla arduratu dira beste behin Txakoli Bizi antolatzeaz, aurreko edizioetan izandako arrakasta handia ikusita. Gainera, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen du.
Aiarako Kuadrillak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu azaroaren 8tik 24ra egingo diren jarduera ezberdinez gozatzera. Horietan aurretik eman beharko da izena, web gunearen bitartez (https://www.aiaraldea.org/).
Aiarako Kuadrillako lehendakaria den Iñigo Pinedo Vadillo oso pozik dago Txakoli Biziren beste edizio bat egiteko aukera izateagatik: “Aurreko edizioetan izandako arrakasta ikusita, benetan pozgarria da laugarren edizio hau antolatu ahal izatea. Ezbairik gabe, gure eskualdea guztiei ezagutzera emateko modurik onenetariko bat izateaz gain, jarduera eta esperientzia enogastronomiko ezberdinez gozatzeko aukera ere bada, gure eskualdeko produktuei esker. Ez hutsik egin!”.
«Benetan pozgarria da laugarren edizio hau antolatu ahal izatea»
IÑIGO PINEDO
Programazioa
Txakoli Biziren laugarren edizioa azaroaren jarri da martxan Aguiñiga Gaztandegian egingo den brindisarekin. Gaztandegi horretako gazta irabazlea izan da Gernikako azken astelehenean.
Txakoli Bizi martxan izan da, Armuru Txokoan, Barañano Likoreetako Gaizka Barañanok zuzenduta egin den bermutaren tailerrarekin. Larunbatean, Gustuaren Laborategia egingo da Laudioko Kasinoan, Slow Food Araba, Aiaraldeako hainbat produkturekin. Aitor Buendiak, La Ruta Slow-ko kazetariak, koordinatuta, hestebeteak, gaztak, barazkiak, shiitakeak, eztia, marmeladak eta Arabako Txakolina dastatu ahal izango dira.
Hilaren 9an, arratsaldez, Artomaña Upategian, Arabako Txakolinaren upategi ezberdinetako dastatze bat egingo da Jose Ignacio Junguitu enologoarekin.
Zigor Irurrietarekin
Azaroaren 10ean, igandea, berriz, Laudioko Kasinoan, showcooking bat eskainiko du Txoriene saioko sukaldaria eta aurkezlea den Zigor Iturrietak tokiko produktuekin.
Beste hitzordu garrantzitsu bat asteazkenean izango da, azaroaren 13an, Artomaña Upategian; izan ere, gonbidapenarekin, bertaratuek cocktailen eta Arabako Txakolina JDko cocktailaren diseinuaren tailer batean parte hartu ahal izango dute. Jarduera Amurrioko Udalak ere finantzatzen du. Handik bi egunera, azaroaren 15ean, ostirala, etxeko likoreak egiteko tailer bat egingo da. Hain zuzen ere, Barañano Likoreetakoek eskainiko dute, eta hori ere Amurrioko Udalak batera finantzatuko du.
Berrikuntza gisa, edizio honetan, Herri Kirolen erakustaldi bat izango da azaroaren 16an, larunbata, Okondoko pilotalekuan, eta bertan ere tokiko produktuak dastatu ahal izango dira. Bertaratzen direnek gure tradizio handiaren inguruan esperientzia paregabea bizi ahal izango dute. Gainera, doakoa da 12 urtetik beherakoentzat.
Jon Plazaola
Horrez gain, barreak ez dira faltako Txakoli Biziren edizio honetan, Jon Plazaolak Tu-Tum, Platz! umore-ikuskizuna eskainiko baitu Amurrioko Nagusien Etxean, azaroaren 16an, larunbatean. Edari bat ere hartu ahal izango da (konbinatua edo Aiaraldeako likorea).
Era berean, beste proposamen interesgarri bat izango da Artziniega Museora egingo den bisita antzeztua. Bertan, bertaratzen direnek txakolinaren inguruko istorioak ezagutzeaz gain, eskualdeko txakolina dastatu ahal izango dute pintxo batzuekin batera, bisita egin eta gero. Hori igandean izango da, azaroaren 17an.
Halaber, beste hitzordu aipagarri bat Murgako Dorrean izango da azaroaren 23an, larunbatean. Bertan, Jorge Romerok hainbat plater prestatuko ditu Arabako Txakolina JDrekin uztartuta. Arratsaldean, berriz, larunbat berean, Artomaña Upategian, tokiko edariak eta produktuak dastatzeko saio bat eskainiko da Artomaña Txakolinako DJak girotuta. Gainera, horren barruan garraio-zerbitzua sartuko da. Jarduera hori Amurrioko Udalak batera finantzatzen du.
Txakoli Biziren laugarren edizioari amaiera emateko, azaroaren 24an, igandea, El Hallazgo Divino lan originala ikus ahal izango da Arcos de Quejanan. Egun dibertigarri eta entretenigarri horretan, bertako produktuak dastatu eta Arabako Txakolinaren zapore bikaina ezagutzeko aukera izango da.
ARGAZKIA: Aiarako Kuadrilla