Enrike Axpe Elejalde pasa den apirilaren 9an hil zen 73 urte zituela. Ibilbide oparoa egin zuen kirol mailan, Barea Aramaioko pilota elkartea sustatuz eta ondoren entrenatzaile lanetan. 1986 urtean eratu zen Barea elkartea eta ondorengo urteetan herriko neska-mutiko askok ikasi zuen pilotan berarekin. Hainbat ordu igaro zituen herriko frontoian eta ardura bizia zuen pilotaren zaletasuna herrian zabaltzeko.
Lan bikaina
“Momentu asko konpartitu nituen berarekin. Nire ustez, oso pertsona garrantzitsua izan da herri mailako kirol arloan eta egun hauetan, bere heriotzaren harira, berarekin ibilitako gazte batzuekin komentatu dut zein inportantea izan zen garai hartan egin zuen lana. Entrenatzailea aste barruan, eta asteburutan antolatzen ziren txapelketetara eramaten zituen mutikoak”, dio Alfonso Del Campok.
Aramaion pilota partidu garrantzitsuak antolatzeko lanetan ere ibili zen. “Araba mailako txapelketako partidu batzuk Aramaion jokatu ziren, eta Diario Vasco txapelketaren barruan ere partidu batzuk hemen jokatu ziren berari esker” aipatzen du Del Campok.
Gaztetan pilotari
Gaztetan pala motzean aritu zen eta Arabako federazioa ordezkatzen hainbat partidu jokatu zituen. “Anekdotak bezala, behin abuztuan jokatzen zen torneo bat ikusten joan zen Zumaiara eta pelotari baten faltan, bera atera zuten frontoira jokoan. Baita irabazi ere! Sorpresa ederra hartu zuten etxekoek, koparekin agertu zenean”, dio Aitor Aspek, Enrikeren lobak.
Pelotarekiko afizioa bizirik mantendu zuen betidanik eta izugarri disfrutatzen zuen pelota partiduak ikusten “batez ere, pelotari gazteak ikusten disfrutatzen zuen; horixe izan baizen bere ardura betidanik: herriko gazteen artean pelotarekiko afizioa sustatzea” dio Aspek.
Fernando Aspiazu gogoan
2024ko azaroan hil zen Fernando Aspiazu ere gogoan dute Aramaion, izan ere urte askotan Enrike eta biek bultzatu zuten Barea pelota elkartea. Fernando frontoian ez ezik, tramite burokratikoak egin behar zirenean fin aritzen zen elkartea aurrera ateratzeko.
ARGAZKIA: R.M. (Axpe, ezkerrean, eskutan pala duela)