Aguraingo Udalak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio paper eta kartoiaren bilketa zerbitzua bermatzeko neurri eraginkorrak har ditzala. Udalak salatu duenez, zerbitzuak behera egin du nabarmen, bereziki uda honetan enpresa esleipenduna aldatu zenetik, eta egoera jasanezin bihurtzen ari da.
Maiztasunik gabe eta inolako azalpenik jaso gabe
Raúl López de Uralde alkateak adierazi duenez, une honetan Udalak ez daki zer maiztasun, egun eta guneetan egiten den bilketa, ez baitu inolako azalpenik jaso Foru Aldunditik. Bien bitartean, Udalak bere baliabide propioekin ari da edukiontziak garbitzen eta lurrean pilatutako kartoiak jasotzen, nahiz eta ez dagokion.
“Herritarren kexa ugari jaso ditugu, eta zerbitzua ez bermatzeak kalte handia egiten dio gure udalerriari. Informazio nahikorik ez dugu jaso eta Foru Aldundiari elkarrizketa arin eta etengabea eskatzen diogu arazoa konpontzeko eta hain funtsezkoa den zerbitzu hau bermatzeko”, adierazi du alkateak.
Zerbitzua Foru Aldundiaren ardura da 2004tik
Nahiz eta papera eta kartoia biltzea udal eskumena izan, 2004an hitzarmen bat sinatu zuten Aguraingo Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, eta harrezkero zerbitzua Aldundiaren esku geratu da. Hori dela eta, Udalak uste du egun ematen ari den zerbitzuak ez duela betetzen hitzarmen horretan jasotakoa, eta neurri berehalakoak eskatu ditu.
ARGAZKIA: Txus Díez


