Apilaizko gaztainadia eta Artziniegako artea Mugarik Gabeko Basoak erakundeak hautatu ditu 2025eko urteko baso eta zuhaitz saria jaso dezaten. Irabazteko xederik gabeko erakundeak finalista gisa aukeratu du Arabako proposamena, sari hori lortzeko lehiatzen diren beste 12 hautagairekin batera. Hainbat ezaugarrirengatik gizartearen aintzatespena eta errespetua merezi duten zuhaitz eta basoen balioa nabarmentzen du sariak.
13 hektarea Apilaizen
Apilaizko gaztainadia, 13 hektareako azalera duena, Euskadiko handiena eta ondoen kontserbatutakoa da, alde handiarekin. Apilaizen 1762an eta 1848an egindako gaztainondo landaketak egiaztatu dira. Gaztainondo gehienek tamaina egokia badute ere 175 eta 260 urte bitarteko zuhaitzak izateko, horietako batzuk, herritik hurbilen daudenak, benetan apartekoak dira tamainari dagokionez. Ugariak dira 5, 6 eta 7 metroko perimetroa duten aleak, eta batzuk 8 metro baino gehiagokoak.
Gaztainondo landaketak Arabako Foru Aldundiak sustatu zituen bere garaian, Arabako negu gogorretan herrietarako elikagai osagarri izan zitezen.
Gaztainadia Izkiko Parke Naturalaren barruan dago, Natura 2000 Sarearen parte dena, KBE eta HBBE gisa. Baso hori Babes Bereziko Eremu gisa dago ezaugarrituta, kontserbazio-, paisaia- eta kultura-intereseko eremua delako.
500 urte
Artziniegako artea, 25 metroko garaierako eta 500 urtetik gorako Quercus ilex bat, hain lotuta dago udalerriaren historiarekin ezen bere armarrian ageri den. Inguruan, antzinako putzu baten ondoan, Ordunteko Batzarra biltzen zen, Soxoguti, Erretes Tudela, Mendieta eta Santa Koloma herriek osatua, gai komunak ebazteko, hala nola mendien eta larreen aprobetxamendua. XX. mendeko lehenengo urteetara arte, haren azpian kobratzen ziren Arteko Azokan abereak sartzeko zergak, urtero irailaren 8an, Andra Mariaren Jaiokundearen egunean.
Balio historikoa
Bere balio historikoagatik eta eite apartagatik, arte eskerga hau, Euskadiko handienetako bat, Zuhaitz Berezia deklaratu zen 1995ean eta 2022tik Natura Monumentuaren kategoria dauka. Horri esker, babes araubide berezia du.
Proposamen irabazlea zehazteko, erakunde sustatzaileak herri bozketa bat jarri du abian; web orriaren bidez, herritarrek parte har dezaten. Boto gehien jaso dituztenak 2025eko basoa eta zuhaitza aukeratuko dira. Botoa emateko epea hilabete honetako 15etik abenduaren 15era artekoa da.
Estatuan irabazle izan den zuhaitza 2025eko Europako Zuhaitzaren hautagaia izango da.
Mugarik Gabeko Basoak irabazteko xederik gabeko erakundea da, eta planetako zuhaitzak eta basoak babestea, kontserbatzea eta zabaltzea du helburu.
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia


