Hirien eta Lurraldeen Sareak Araba bizikletaz proposamen turistikoa saritu du SareBizikleta-RedBici 2025 ekimenean, Biziekonomia kategorian, bizikletarekin lotutako jarduera ekonomikoak sustatzeko eta Arabako landa eremuetan garapen ekonomikoa indartzeko duen gaitasunagatik.
Arabar turismo ziklistaren potentzialaren aitortza
Jon Nogales, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatuak, saria jaso du Arabako Foru Aldundiaren izenean, sareko urteko batzarrean egindako ekitaldian. Elkarte honek bizikleta garraiobide gisa bultzatzen duten tokiko eta probintzia mailako erakundeak biltzen ditu.
Proposamena udaberrian aurkeztu zen, Araba aire zabaleko jardueretarako helmuga jasangarri eta kirol-erreferente gisa sustatzeko eta edozein mailatako txirrindulariak erakartzeko helburuarekin.
Gida osoa
Araba bizikletaz proiektuak 44 orrialdeko gida dauka, paperean eta eBook formatuan, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez. Horrez gain ikus-entzunezko pieza bat du aurkezpenetarako eta sare sozialetarako; eta txirrindulariek erabiltzen dituzten plataforma nagusietako kanal ofizialak: Wikiloc, Bikemap, Naviki, RidewithGPS, Alltrails, eta abar; ibilbideen track, azalpen eta argazkiekin.
Gidak bost atal ditu, txirrindulari profil ezberdinetara egokituta: familia turismoa, gravela, BTT, errepidea eta Arabako bidaia ibilbideak.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko estrategia batean txertatuta
Proposamena Arabako Bizikletaren Estrategiaren barruan kokatzen da, bizikleta garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa bultzatzeko: ikastetxera, lantokira, kirol instalazioetara edo eguneroko joan-etorri beharreko beste leku batzuetara. Aisialdiko erabilera eta bizikletaren kultura zabaltzeko ekintzak ere aurreikusten dira.
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia


