Arabako Foru Aldundiak turismoko plataforma adimendun bat ezarriko du datozen hilabeteetan, zeinak datu turistikoak neurtzeko eta alderatzeko sistema aurreratuak izango baititu, eta horrek informazio «oso baliotsua» emango du, turismoa sustatzeko eta garatzeko estrategia «eraginkorragoak, efizienteagoak eta jasangarriagoak» diseinatzeko.
Europar Batasunak finantzatutako proiektu horrek 1,9 milioi euroko lizitazio aurrekontua du.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari Iker Mirandak astelehen honetan prentsaurreko batean azaldu dute zein diren Araba «helmuga turistiko adimendun» bihurtuko duen eta Espainiako Gobernuaren mendeko SEGITTUR sozietate publikoa zuzentzen eta bultzatzen duen Helmuga Adimendunen Sareko kide izango den ekimen baten eduki eta helburu nagusiak.
Bidaiarien ohiturak
Cristina Gonzálezek zehaztu duenez, «proiektu honen bidez oso plataforma indartsu bat ezarriko dugu, lehenik eta behin gure turismo eskaintzaren baliabide nagusiak identifikatuko dituena eta, ondoren, Araba aisialdiaz gozatzeko, biltzarretara joateko edo negozioak egiteko aukeratzen duten bidaiarien ohiturei, mugimenduei eta lehentasunei buruzko datuak sistematikoki bilduko dituena».
«Informazio hori aztertzeak aukera emango digu Arabaren bilakaera beste helmuga batzuekin alderatzeko, hainbat aldagairen aurrerapena neurtzeko eta, batez ere, lurraldea kalitatezko helmuga jasangarri eta inklusibo gisa finkatzeko hobeto oinarritutako politikak eta estrategiak diseinatzeko», gaineratu du.
Une honetan, lehiaketa aldian dago proiektua, eta 1.950.000 milioi euroko lizitazio aurrekontua du. Kopuru horren % 73 Europako funtsekin finantzatuko da, eta gainerako % 27a, berriz, Foru Aldundiak finantzatuko du. Adjudikazioa datorren urtearen hasieran egingo da, eta, ordutik aurrera, plataforma garatzeko eta gauzatzeko lan teknikoak hasiko dira, 2026ko uztailean funtzionatzen hasteko.
Proiektu arina eta eskalagarria
Turismoko plataforma adimenduna lehenengo fasean hedatuko da, gune funtzional arin eta eskalagarri baten bidez, zeina pixkanaka haziko baita gaitasun berriak txertatzeko. Hasierako gune horrek datuak atzitzeko eta kudeatzeko sistema aurreratuak integratuko ditu, enoturismoari, gastronomia turismoari eta industria turismoari lotutako baliabideen jarduera monitorizatzeko, eta, gainera, bi tresna osagarrik sortutako informazioa prozesatuko du:
- Ibilbideak gomendatzeko tresna bat: ibilbide turistikoak pertsonalizatzeko sistema adimenduna, gai izango dena proposamen egokituak eskaintzeko eta bidaiarien bisita patroiei eta lehentasunei buruzko informazioa sortzeko.
- Turismo txartel bat (zerbitzuen eta onuren sarbidea zentralizatzen duen egiaztagiri digitala), aukera emango duena erabiltzaileek lurraldeko baliabide turistikoekin duten interakzioari buruzko datuak biltzeko.
Plataforma 2026ko udatik aurrera hasiko da Araba bisitatzen duten bidaiarien datu masibo eta anonimoak (big data) biltzen eta aztertzen, ondoren datu horiek beste helmuga batzuekin alderatzeko. «Hurrengo urratsa izango da eskura dagoen informazio guztia lantzea, lurraldearen turismo eskaintzaren definizioa eta sustapen estrategia bidaiarien eskarietara eta sektorearen joera eta mugimenduetara egokitzeko».
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia


