Argazkigintzan emakumeen presentzia inoiz baino nabarmenagoa da Arabaclick 2025 jaialdian. VII. Argazkigintza Topaketa herrikoia emakumezko argazkilarien lanari eta ikuspegiei protagonismo berezia emanez iritsi da aurten, eta azaroaren 30era arte izango da ikusgai hamar espaziotan zehar.
Ekitaldia Revelare kolektiboak eta Vital Fundazioak antolatu dute, Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Jardín Remoto argazkigintza eskolaren laguntzarekin. Aurkezpenean izan dira Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria; Ana del Val, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko diputatua; Sonia Díaz de Corcuera, Vitoria-Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Lorena López de Lacalle, Revelare kolektiboko presidentea, eta Gustavo Bravo, ArabaClick 2025 ekitaldiko zuzendari artistikoa eta Jardín Remoto argazkigintza eskolako zuzendaria..
Aurten, emakumeen presentzia historikoa izango da: erakusketen artean lau banakako serie daude (hiru emakume eta gizon bat) eta sei talde erakusketetan parte hartuko duten 37 argazkilarietatik 24 emakumezkoak dira. Gazteen kategorian, berriz, 10 artistetatik 8 emakumeak dira.
Araban egindako argazkiak
Jaialdiaren edizio honek beste berrikuntza batzuk ere baditu: erakusketak Araban bertan egindako argazkiekin osatu dira, eta lehen aldiz erakusketa-guneak hamar dira —horien artean probintziako artxiboak, UPV/EHUko aretoak, eta IDarte edo Federico Baraibar bezalako arte-zentroak.
Argazki guztiak FTG-FotoGasteiz estudioan inprimatu dira kalitate profesionaleko materialekin, tamaina eta formatu handian, lanen iraupena eta bikaintasuna bermatzeko.
Revelare Saria
Gainera, aurten lehen aldiz emango da Revelare saria, Arabako argazkigintzan ibilbide garrantzitsua egin duen pertsona bati aitortza egiteko.
Sari banaketaren ekitaldia urriaren 31n izango da, 18:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean (Bake kalea, Dendaraba). Bertan aurkeztuko dira erakusketak, beka irabazleak eta sei prestakuntza beka, baita 2024ko superbeka irabazle Adirane Azkuenagaren lana ere.
Babesleak
Arabaclick ekimenak Vital Fundazioa, Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila, Vitoria-Gasteizko Udaleko Kultura eta Gazteria sailak, CEA, FotoGasteiz, Jardín Remoto, EHU, IDarte eta Federico Baraibar bezalako erakundeen laguntza eta babesa du.
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia



