EH Bilduk neurri sorta bat aurkeztu du Arabako Errioxako mahastietan mildiuak eragindako kalteei aurre egiteko, eta ohartarazi du egoerak sektore osoa kolpatu dezakeela datozen urteotan, klima aldaketaren ondorioz. Koalizioak eskatu du Espainiako Gobernuak nekazaritza aseguruak eguneratzea eta Arabako Foru Aldundiak ikerketa zientifikoak abiatzea izurritearen bilakaera eta ondorio ekonomikoak aztertzeko.
Aseguruen araudia eguneratzeko eskaera
EH Bilduren arabera, gaur egungo aseguru-sistemak ez du jasotzen mildiuaren gisako izurriteen estaldura Arabako Errioxan, eta horrek babestu gabe uzten ditu ardogile eta mahastizain txiki eta ertainak. Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu dio araudia aldatu eta gaixotasun hau aseguruek barne har dezaten.
Ikerketa zientifiko eta aurrekontu egokitzapenak
Bestalde, Arabako Foru Aldundiari eskatu dio mildiuaren zabalpena aztertzeko ikerketa zientifiko bat martxan jar dezala, baita ardogintzaren ekoizpen gastuetan izan ditzakeen eragin ekonomikoak neurtzeko ere.
Horrez gain, koalizioak meteorologia-alertekin lotutako abisu-sistema bat sortzea proposatu du, izurrite arriskuei aurre egiteko informazioa aldez aurretik zabaldu ahal izateko.
Azkenik, EH Bilduk planteatu du urtero aurrekontuetan funts berezi bat sortzea, klima aldaketak eragindako nekazaritza eta abeltzaintzako kalteei berehala erantzuteko gaitasuna bermatzeko.
“Egoera oso larria da”
EH Bilduko bozeramaile Eva López de Arroyabek adierazi duenez, “egoera oso larria da eta neurri berriak eta berritzaileak hartzea ezinbestekoa da. Mildiuaren izurriteak ohiko bihurtzen badira, krisi anitzeko egoera areagotu egingo da eta sektorearen etorkizuna, bereziki ardogile txiki eta ertainena, ilunagoa izango da”.
ARGAZKIA: Freepik


