EH Bilduk Arabako Solariaren eguzki-proiektu berriak salatu eta alegazioak aurkezteko eskatu die erakundeei

Mozioak erregistratu ditu Arabako Gaubea, Kuartango, Iruña Oka, Erriberagoitia, Lantaron, Erriberabeitia, Armiñon, Zanbrana, Berantevilla, Zigoitia, Zuia, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteizen
EH Bilduko ordezkariak prentsaurrekoan, Solariaren eguzki-proiektuen aurkako jarrera azaltzen Araban
avatar

ZUK.eus

20 de enero de 2026 a las 12:54

EH Bilduk Solaria enpresak Araban aurkeztu dituen eguzki-parke berriak gaitzetsi ditu eta instituzioei zein tokiko erakundeei alegazioak aurkezteko deia egin die. Enpresak dagoeneko 19 eguzki-parke eraikitzeko administrazio- eta ingurumen-baimenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.

 

Proiektu horiek 923 megawatteko potentzia bateratua izango lukete, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun instalatutakoaren ia hirukoitza, eta 1.200 hektarea inguru hartuko lituzkete. Guztira, Arabako 13 udalerriri eragingo liekete, gehienak 50 megawatteko instalazioak izanik.

 

Zierbenara eramateko linea

EH Bilduk gogorarazi du eguzki-parke horiek Araban sortutako energia Zierbenara eramateko aurreikusitako goi-tentsioko linearekin lotuta daudela. Solariaren planak gauzatuz gero, enpresak 30 zentral fotovoltaiko inguru ezarriko lituzke lurraldean.

 

“Ordenarik gabe”

Eva Lopez de Arroyabe, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusiaketan duen bozeramailearen arabera, “Araban energia berriztagarria ordenarik eta kontrolik gabe hedatzen ari da, eta enpresa sustatzailearen eta lurren jabeen interesek bakarrik definitzen dute azpiegitura horien kokapena”.

 

Lopez de Arroyabek azpimarratu du larrialdi klimatikoa errealitate bat dela, baina horri erantzuteko moduak lurralde-antolamendua, plangintza eta interes orokorra errespetatu behar dituela.

 

Trantsizio ekosoziala

EH Bilduren ustez, trantsizio ekosoziala aukera gisa ulertu behar da, eta horretarako irizpide nagusiak honako hauek dira: lurralde-antolaketa, naturaren babesa, interes orokorraren defentsa, parte-hartzea eta baliabideen demokratizazioa.

 

Mozioak 13 udalerritan

Helburu horrekin, EH Bilduk mozioak erregistratu ditu Arabako 13 udalerritan -Gaubea, Kuartango, Iruña Oka, Erriberagoitia, Lantaron, Erriberabeitia, Armiñon, Zanbrana, Berantevilla, Zigoitia, Zuia, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz-, baita Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ere.

 

Mozio horien bidez, proiektu energetikoen kontrolik gabeko hedapenaren aurka agertu dira, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote proiektuen hedapena ordenatzeko, prozesu deliberatiboak martxan jartzeko eta Solariak aurkeztutako proiektu guztiak bertan behera uzteko edo berrikusteko aukerak aztertzeko. Era berean, Administrazio Batzarrekin lankidetzan aritzera animatu dituzte erakundeak, alegazioak aurkez daitezen.

 

FOTOGRAFÍA: Freepik

 

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

20 de enero de 2026 a las 12:54