Komunitate energetikoei buruzko jardunaldiak Aiara eta Añanako industriarentzat

Irailaren 10ean eta 24an izango dira saioak, eta helburua da tokiko energia sortzeko eredua enpresa industrialen artean sustatzea
EKB Arabaren jardunaldi bat komunitate energetikoei buruz enpresentzat
avatar

ZUK.eus

1 de septiembre de 2025 a las 11:25

EKB Araba – Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak komunitate energetikoei buruzko bi jardunaldi antolatu ditu irailean, industria-sektoreko enpresentzat. Ekimenaren helburua da Aiaraldeko eta Añanako enpresei energia berriztagarrien bidezko trantsizio energetikoa sustatzeko aukera ezagutaraztea eta lehiakortasuna hobetzea.

 

Irailak 10 – 10:00etan: Jardunaldia aurrez aurre Laudioko Arraño aretoan.

 

Irailak 24 – 10:00etan: Jardunaldia linean Añanako enpresentzat.

 

Energia berriztagarria, tokikoa eta elkarlanean kudeatua

Saray Zárate, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuaren esanetan, saio hauen bidez komunitate energetikoak sortzeko bideragarritasuna erakutsi nahi da, helburu bikoitzarekin: deskarbonizazioa bultzatzea eta industrialdeen barneko energia kontsumoa optimizatzea.

 

EKB Arabak 200 kontsulta baino gehiago jaso ditu jada herritarren, udalen, batzarren eta ETE-en aldetik. Galdera ohikoenak honako gai hauei buruzkoak izan dira:

 

  • Komunitate energetiko bat sortzeko urratsak

 

  • Gobernantza, funtzionamendua eta jarduera motak

 

  • Finantzaketa eta diru-laguntzak

 

  • Eguzki-plaken erabilera eta autokontsumo modalitateak

 

  • Azterketa tekniko eta ekonomikoak

 

Askotariko eragileek interesa dute komunitate energetikoetan, eta horietako askok EKBren aholkularitza pertsonalizatua jasotzen ari dira beren proiektuak garatzeko.

 

Irailean egingo diren beste ekitaldi batzuk

Jardunaldiez gain, EKB Arabak irail honetan beste ekimen batzuk ere iragarri ditu:

 

  • Tailerra Laudion: Komunitate energetikoek egin ditzaketen ekintzak, irailaren 10ean, 18:30ean, Arrañoko Kultura Etxean.

 

  • Mahai-ingurua Aiarako Udaletxean, irailaren 18an, 18:00etan: komunitate energetikoei buruzko esperientzien inguruko solasaldia.

 

EKB Arabak 38 jardunaldi antolatu ditu orain arte Arabako herritarrentzat.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

 

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

1 de septiembre de 2025 a las 11:25