Ostegun honetan aurkeztu da 2026ko Araba Euskaraz, Amurrion ospatuko dena ekainaren 14an, lelo berriarekin: Taupadak berpiztera goaz!. Aurtengo antolaketa Aresketa Ikastolaren esku egongo da, eta jaia urte osoko egitarau zabal baten parte izango da, azarotik ekainera bitarte.
Gasteizetik haratago
Aurkezpenean leloa, logotipoa eta urtean zehar antolatuko diren ekimen nagusiak aurkeztu dira. Pandemia osteko lau edizioak Gasteizen egin ostean, Araba Euskaraz berriz itzuliko da formatu tradizionalera, eta Amurrioko ikastolaren komunitateak izango du ardura nagusia, Arabako gainerako zazpi ikastolen babesarekin.
Aresketa Ikastola
1977an sortua, Aresketa Ikastola irabazi-asmorik gabeko kooperatiba da, 600 ikasle, 400 familia eta 70 profesional ingururekin. Ikastolak Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen parte da eta euskara, kulturartekotasuna eta balio humanistikoak ditu oinarri.
Ikastolak helburu argiak ditu 2026ko jai honetarako:
- Euskararen erabilera sustatzea eta biziraupena bermatzea.
- Herritar euskaldunen konpromisoa indartzea.
- Euskara oraindik ezagutzen ez dutenengana hurbiltzea.
- Hezkuntza komunitatearen elkarlana sendotzea.
- Auzolana eta elkartasuna berpiztea, eta Aresketa Ikastolaren proiektua zabaltzea.
Taupadak berpiztu
2026ko leloak, Taupadak berpiztera goaz!, euskaldunon bihotzetik datorren mezua helarazten du: euskararen erritmoa eta energia berreskuratzea.
Logotipoak bihotz bat zeharkatzen duen txinparta erakusten du, mugimendua eta bizitasuna adieraziz, euskararen taupadak berpizteko ikur gisa.
Urteko egitaraua
Araba Euskaraz ez da egun bakarreko jaia izango: azaroan hasiko da eta ekainaren 14an bukatuko. Jarduera batzuk jada zehaztu dira:
- Azaroak 9: Araba Euskaraz 2026 aurkezpen jaia (Amurrio)
- Abendua: Gazte Talent finala (Gasteiz)
- Urtarrilak 25: Go!azen kontzertua (Gasteiz)
- Otsaila: Euskal Pilota Topaketak (Amurrio)
- Martxoa: Jai Alai Masters Series (Gasteiz)
- Apirila: Araba Euskaraz 2026 kantaren aurkezpena (Aiaraldea)
- Ekaina 14: Araba Euskaraz jaia (Amurrio)
Gainera, ikasturte osoan zehar, Amurrion, Aiaraldean eta Gasteizen kultur ekitaldiak, kirol jarduerak eta tailerrak egingo dira, euskararen erabilera eta parte-hartzea sustatzeko.
ARGAZKIA: Araba Euskaraz


