Aramaioko Udalak jakinarazi du 2026. urterako hobari berriak jasoko direla hondakin bilketaren tasan eta trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan, udal ordenantza fiskalen eguneraketaren bidez.
Neurri hauek, batetik, zerbitzuaren irisgarritasuna kontuan hartzea dute helburu, eta, bestetik, ibilgailu jasangarrien erabilera sustatzea.
Hondakin bilketaren tasan hobariak
Etxe ondoan zerbitzurik ez duten sakabanatutako etxe eta baserriek hobariak jaso ahal izango dituzte, zabor edukiontzira dagoen distantziaren arabera:
- %20ko hobaria, etxeko atetik zuzeneko bidea hartuta edukiontzira 600 metrora arteko distantzia badago.
- %30eko hobaria, edukiontzira 600 metrotik gorako distantzia badago.
Baldintzak betetzen dituzten etxe edo baserrien kasuan, ordainagiriaren titularrak hobaria eskatu beharko du, udal bulegoan edo egoitza elektronikoaren bidez.
Ibilgailuen zergan hobariak
Trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan, honako ibilgailu motek kuotaren %50eko hobaria jaso ahal izango dute:
- Ibilgailu erabat elektrikoek (BEV edo EV)
- Hidrogeno-pila duten ibilgailuek (FCEV)
- Eguzki-energiaz soilik bultzatutako ibilgailuek.
Halaber, %50eko hobaria aplikatuko zaie:
- Propultsio hibridoko ibilgailuei, energia elektrikoa eta autonomia hedatuko erregaia konbinatzen dutenei (REEV edo EREV)
- 40 kilometroko edo gehiagoko autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriei (PHEV).
Bestalde, 40 kilometrotik beherako autonomia duten PHEV ibilgailuek, eta petrolioaren gas likidotua (PGL), gas natural konprimatua (GNC) edo gas natural likidotua (GNL) erabiltzen duten ibilgailuek ere %50eko hobaria jaso ahal izango dute.
Eskaerak eta epeak
Hobari hauek ez dira automatikoki aplikatuko. Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute udal bulegoan edo egoitza elektronikoan, eta honako agiriak erantsi:
- Ibilgailuaren fitxa teknikoaren fotokopia.
- Zirkulazio-baimenaren fotokopia.
Oro har, hobariak eskaera egin eta hurrengo ekitaldian hasiko dira aplikatzen, eta ez dute atzeraeraginik. Hala ere, eskaera likidazioa irmoa izan baino lehen egiten bada, hobaria eskaera egiten den urte berean aplikatu ahal izango da, baldintzak betetzen badira.
2026ko ekitaldiko zergan hobaria aplikatu ahal izateko, eskaera otsailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.
ARGAZKIA: Txus Díez



