Aramaioko Udalak jakinarazi du Plan Orokorraren aldaketa puntualari lotutako partaidetza-prozesuan data aldaketa egon dela. Plan Orokorra onartu zenetik 12 urte igaro diren arren, hasiera batean aurreikusitako eremu berriak ez dira garatu.
Esparruak
Egoera horren aurrean, Plan Orokorrean hainbat aldaketa proposatzen dira, batez ere IB11 Likiniao, IB12 Errekazabal eta IB07 esparruetan, baina baita Ibarrako mugikortasun orokorrean ere. Aldaketa puntualaren helburua da hiri-ereduari, lurzoruaren okupazio-estrategiari, mugikortasunari eta gaur egun udalerriak behar duen etxebizitza-tipologiari buruzko hausnarketan sakontzea.
Dokumentua idatzi aurretik, 2025ean, hainbat azterlan espezifiko egin dira, besteak beste mugikortasunari eta etxebizitza-beharrari buruzkoak, baita hirigintzako problematikaren diagnostiko orokor bat ere. Lan horiek guztiek osatzen dute orain aurkeztu nahi den proposamenaren oinarria.
Udalaren asmoa da bildutako informazioa udalerriko biztanleekin partekatzea, eta, aldi berean, jarduera-proposamenen lehen zirriborroa aurkeztea. Saio horietan proiektua lantzen ari diren arkitektoek parte hartuko dute, azalpenak emateko eta zalantzak argitzeko.
Datak
Horretarako, bi saio ireki antolatu dira 2026ko urtarrilaren 15ean eta 22an, Ibarrako Udaletxean. Udalak gai honetan interesa duten herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera.
ARGAZKIA: Aramaioko Udala


