Miñaogutxiko Done Bikendi Martiriaren elizak horma pintura «ikusgarri» batzuk berreskuratu ditu burualdean, toki erakundearen administrazio batzarraren ekimenez egindako 58.000 eurotik gorako inbertsioari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren barruan dagoen Zaharberrikuntza Zerbitzuak kudeatzen duen ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku hartzeak garatzeko 2023-2024ko dirulaguntzari esker.
Hori dela eta, Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Jesús María Llano Administrazio Batzordeko presidenteak, Cristina Aransay Zaharberrikuntza Zerbitzuaren buruak eta bere taldeko eta enpresa arduraduneko kideek bisitatu dute ostiral honetan eliza.
Micaela Portillak aipatua
«Pintura horien agerpena, Micaela Portillak jada aipatuta bazituen ere, albiste zoragarria da; izan ere, horiek berreskuratzea eta jendearen eskura jartzea dakar, gozatu ditzaten, bai eta ikertzaileen eskura ere, aztertu ditzaten; izan ere, esku hartze horrekin bide berriak irekitzen dira Arabako tenpluen ondoz ondoko akaberak ezagutzeko«, adierazi du Del Valek.
Eliza XIII. mendean eraiki zuten eraikina da. Nabearen lehen tartea arku gurutzatuen ganga protogotiko batek estaltzen du, gurutzadura moduan, giltzarrian floroi bat duela.
Miñaogutxiko Done Bikendi Martiriaren elizako gangetako hezetasun iragazketen ondorioz, kareztadurak askatu ziren, eta, horiei esker, marrazki geometrikodun horma pintura gorriak ikusi ahal izan ziren, Micaela Portillak Gasteizko Elizbarrutiko Monumentu Katalogoko VIII. liburukian adierazi zuen bezala.
Eguneratzeak
Artyco enpresak egindako esku hartzea amaitu ondoren, bi une piktoriko geratu dira agerian: Erdi Aroko horma pintura gorriak eta, horien gainean, XVI. mendeko pinturaren aztarnak. Horrek erakusten du berriro ere gure tenpluek ez zutela harria agerian uzten; aitzitik, hormak eta gangak margotzen zituzten, eta denboran zehar diseinu piktoriko berriekin eguneratzen ziren, uneko modaren edo aurreko pinturaren kontserbazio egoeraren arabera.
Pintura horiek, mezu bat transmititzeko ez ezik, arkitektura erregularizatzeko, ordena-, garbitasun-, argitasun- eta nolabaiteko aberastasun artistikoaren sentsazioa emateko eta, zeharka, espazioak tenperatura eta zaratatik isolatzeko ere balio zuten.
Erakunde arteko koordinazioa
Miñaogutxiko Done Bikendi Martiriaren elizaren burualdeko horma pinturak berreskuratzeko proiektua haren administrazio batzarrak sustatu du, berarena baita 2022tik tenpluaren jabetza, eta tenplu horrek zuen aberastasun historiko-artistikoa bultzatu nahi izan zuten.
AFAko Kultura eta Kirol Sailak Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko kultura ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku hartzeetarako urtero ateratzen duen deialdiaren bidez, 2023an, pinturen hedadura eta kontserbazio egoera ezagutzeko azterlanen lehen fasea egin da eta 2024an, pinturak estaltzen zituzten kareztadurak ezabatzeko eta zaharberritzeko bigarren fasea.
Guztira, 58.000 eurotik gorako inbertsioa egin da bi urtean; horietatik % 80 Foru Aldundiak jarri du, eta gainerakoa administrazio batzarrak. Administrazio batzordeak eta enpresa esleipendunak ahalegin handia egin behar izan dute, «zailtasun tekniko handiko lana izan baita».
Ondasun historiko-artistikoetarako dirulaguntza
Ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko edo zaharberritzeko esku hartzeak garatzeko dirulaguntzak urtean 80.000 euro inbertitzen ditu. Dirulaguntza horrekin, azken 5 ekitaldietan 45 ondare elementutan esku hartu ahal izan da, 2024koak barne. Partida hori 60.000 eurotik 80.000 eurora handitu zen 2022an, eta eutsi zaio 2023an eta 2024an.
Ana del Valen ustez, «Kultura eta Kirol Sailaren helburuen artean dago toki erakundeek sustatutako ekimenetarako laguntza ekonomikoa ematea, ondare elementuak kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku hartzeak sustatzeko, ziurtatuta horrela gure kultura ondarearekin duen konpromisoa. Horregatik, hau bezalako emaitzek bide horretatik jarraitzera animatzen gaituzte«.
Ondarearen astearteak
Datorren asteartean, eta Ondarearen astearteak zikloaren barruan (Ignacio Aldecoa Kultura Etxearekin batera Zaharberrikuntza Zerbitzuak antolatzen du), Miñaogutxiko horma pinturak berreskuratzeko proiektu horri buruzko hitzaldia entzuteko aukera izango da 19:00etan sarrera librearekin edukiera osatu arte.
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia


