2025eko Sanroke jaiak amaitu dira Laudion, eta Udal gobernu taldearen lehen balorazioa oso positiboa izan da. Bederatzi eguneko ospakizunaren ostean, jai giroa eta errespetua nagusitu dira kaleetan, herritarren eta elkarteen parte-hartze zabalarekin.
“Aurtengo Sanroke jaiak udako egun beroenetako batean abiatu genituen, eta lehen momentutik nabari izan da gure kaleak biziberritu dituen algara, gozamena eta elkartasuna«, adierazi du Sonia Respaldizak jaietako zinegotziak.
Jaiak tradizioz, ospakizunez eta konpromiso sozialaz bete dira. Palestinarekiko elkartasuna, euskararen erabilera nagusia eta belaunaldi guztientzako jarduerak izan dira aurtengo ezaugarri nagusiak.
Euskara eta parekidetasuna ardatz
Egunero euskara izan da protagonista, eta kaleetan aniztasuna arnastu da. Belaunaldi desberdinek espazioak partekatu dituzte, eta 160 ekitaldi baino gehiago ospatu dira dantza, musika, antzerki eta kalejirarekin.
“Jai parekide, euskaldun eta edonorren gozamenerako sortuak izan dira”, azpimarratu du Respaldizak.
Eguraldi txarraren ondorioz eta antolakuntza-beharretatik eratorrita, kokapen aldaketak egin behar izan dira, baina jai-giroa bermatu da une oro.
Elkartasuna eta herri-lana oinarri
Udalak eskerrak eman dizkie elkarte, kuadrila, txosna talde, dantza talde, abesbatza eta herritarrei, haien lana eta konpromisoari esker posible izan baita jai arrakastatsuak bizitzea.
“Ez ditugu ahaztu ArteOn abesbatza, aurtengo pregoilariak, eta Baldarrak kuadrilla, txupinazoko protagonistak. Zuen ekarpenari esker bederatzi egun hauek bereziak izan dira”, azaldu du zinegotziak.
Tradizioak, nortasuna eta sustraiak
Ekitaldi bereziek, hala nola Baserritarren Eguna eta Odoloste Eguna, Laudioko nortasuna indartu dute. Tokiko produktuek eta ohiturek protagonismoa hartu dute.
“Laudioko kaleetan bizi izan dugun poza eta emozioa gure herriaren indarraren erakusgarri izan da. Guztion artean eraiki ditugu jai hauek”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
Jai seguru eta askeak, helburu
Abuztuaren 15etik 17ra bitartean, gune morera 180 herritar inguru gerturatu ziren, eta ez zen eraso matxistarik jakinarazi. Hala ere, Udalak ohartarazi du horrek ez duela esan nahi ez dela gertatu, baizik eta ez dela salatu.
Bigarren txanpan, abuztuaren 25etik 28ra, 230 pertsona hurbildu ziren informazio mahaira. Gune hau 22:00etatik 01:00etara Batzalarrin egon zen, eta 01:00etatik 04:00etara Aldai plazara mugitu zen.
Zoritxarrez, txozna gunean gertatutako jarrera eta eraso matxistek giroa ilundu zuten.
“Gertaera hauek onartezinak dira eraiki nahi dugun Laudio feminista batean. Ez ditugu eraso eta jarrera matxistak onartuko, eta horretan tinko lanean jarraituko dugu”, amaitu du alkateak.
ARGAZKIA: Laudioko Udala


