Arabako Batzar Nagusiek onartu dute asteazken honetan EH Bilduk sustatutako mozio bat, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko Sortzaileak izeneko sari artistikoa sortzea. Sariaren helburua izango da sorkuntza eta lan artistikoa balioestea eta sustatzea, eta aldi berean, Amarika aretoa sortzaileen lana garatzeko zentro bihurtzea, kolektiboarekin berarekin adostutako kudeaketa-ereduaren bidez.
EH Bilduko batzarkidea, Estitxu Martínez de Iturratek, mozioaren defentsan adierazi duenez, “kulturari esker, pentsamendu kritikoa garatzen da eta, horri esker, gizarte hobe eta berdintsuagoa eraikitzen da, bereziki eferbeszentzia erreakzionario betean gauden une honetan”. Horregatik, azpimarratu du ezinbestekoa dela Kultura Sailaren babesa eta bultzada.
Amarika aretoa, sormenaren zentro berria
Onartutako mozioak jasotzen du Amarika Aretoan artistentzako sormen-espazio bat sustatzeko eskaera, legegintzaldia amaitu baino lehen. Bertako kudeaketa-eredua sektore artistikoarekin batera erabakiko da, eta kulturaren plan estrategikoaren barruan aretoa berpizteko eta erabilera kulturalerako plan bat diseinatuko da, sektorearekin elkarlanean.
‘Sortzaileak’ sari artistiko berria
EH Bilduren proposamenak aurreikusten du “Sortzaileak” sariak arte diziplina anitz hartzea:
- Literatura eta grafika: komikia, gidoia, liburuen ilustrazioa, entseguak…
- Arte eszenikoak: dantza eta antzerkia.
- Arte plastikoak: eskultura, pintura, ilustrazioa.
- Musika.
- Arte bisual berriak: arte digitala, argazkigintza, bideoartea…
Martínez de Iturratek azpimarratu duenez, “artisten garapen profesionala bermatzeko, sormena lantzeko eta goraipatzeko, ezinbestekoa da motibazioa sustatzea eta sektorearen prekarietateari aurre egitea. EH Bilduren arabera, kulturaren defentsa izan behar da gure lurraldearen garapenerako tresna”.
ARGAZKIA: Freepik


