Aramaion egindako ekintza bandalikoek eskabadora kaltetu eta 250.000 euroko dirulaguntza arriskuan jarri dute

kalteak joan den zapatuko ilunkeran gertatu ziren. Ezezagunek harea bota zuten frontoi ondoan aparkatuta zegoen eskabadoraren erregai-deposituan
Bandalismoa Aramaion eskabadora kaltetu eta biomasa-galdararen instalazioan kalteak eragin ditu
Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.
avatar

ZUK.eus

25 de marzo de 2026 a las 10:35

Azken egunotan Aramaion izandako ekintza bandalikoek larritasun handiagoa hartu dute, eskabadora baten sabotajea eta biomasa-galdararen instalazioan eragindako kalteak tarteko. Udalak salatu duenez, gertakariek ondorio ekonomiko handiak izan ditzakete bai langile autonomo batentzat, bai udalaren beraren finantzetan.

 

Eskabadoraren eta biomasa-instalazioaren aurkako sabotajea

Udalak jakinarazi duenez, kalteak joan den zapatuko ilunkeran gertatu ziren. Ezezagunek harea bota zuten frontoi ondoan aparkatuta zegoen eskabadoraren erregai-deposituan. Makina hori eskolan instalatzen ari diren biomasa-galdararen lanetarako erabiltzen ari ziren. Horrez gain, instalazioko kableak ere moztu zituzten.

 

Sabotaje horren ondorioz, eskabadoraren jabea, langile autonomoa, lanerako oinarrizko tresnarik gabe geratu da, eta horrek bere jardueran kalte zuzena eta luzerako eragina izango du.

 

500.000 euroko inbertsioa kolokan

Biomasa-galdararen instalazioa 500.000 euro inguruko proiektua da, eta horietatik 250.000 euro dirulaguntza bidez finantzatzen dira. Obrak epe oso estuak ditu, eta instalazioa ekainaren amaierarako martxan egon behar da. Udalak ohartarazi du kalteen ondorioz lanak garaiz amaitzen ez badira, dirulaguntza galtzeko arriskua dagoela. Kasu horretan, udal aurrekontuek bere gain hartu beharko lukete proiektuaren kostu osoa.

 

Ekintza bandalikoen gorakada

Gertakari hauek azken asteotan herrian izandako beste hainbat kalteren testuinguruan kokatzen dira. ZUKek jaso bezala, duela gutxi kalteak egin zituzten herritarrek egindako banku batean, eta pintaketak ere ohikoak bihurtu dira asteburu gauetan. Oraingoan, gainera, eskola inguruan beste kalte batzuk ere izan dira: igogailuaren ondoan sua piztu zuten, eta jangelako komunetako atea apurtu zuten, aurretik ere gertatu izan den moduan.

 

Ardurarako deia

Udalaren ustez, kalteen egileak adin txikiko gaztetxoak izan daitezke, eta dei zuzena egin die bai egileei bai haien gurasoei, gertatutakoaren ondorioez hausnartu dezaten. Udalak azpimarratu du ekintza hauek eragin zuzena izan dutela obretan ari diren langileengan, eskola komunitatean eta Aramaioko herritar guztiengan.

 

FOTOGRAFÍA: Aramaioko Udala

 

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.

25 de marzo de 2026 a las 10:35