Zazpi enpresa eta ikastetxe berrik bat egin dute Eskuara proiektuarekin Araban

Une honetan 30etik gora enpresa eta Lanbide Heziketako zentro dira Eskuara proiektuaren kide
Eskuara proiektuko enpresen aitortza ekitaldia Gasteizen
Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.
avatar

ZUK.eus

5 de febrero de 2026 a las 14:07

Eskuara proiektuarekin bat egin dute Arabako zazpi enpresa eta Lanbide Heziketako ikastetxe berrik, euren erakundeetan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartuta. Horrela, gaur egun 30etik gora enpresa eta Lanbide Heziketako zentro dira Eskuara komunitateko kide.

 

Eskuara proiektuko kide egin diren erakunde berriak hauek dira: Zaraobe, Eraiken, Artomaña Txakolina, Oreka IT, RPK, Amets SL eta Mekatxaber.

 

Aitortza ekitaldia Gasteizen

Aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberaren Gasteizko egoitzan egin da. Bertan elkartu dira proiektuan parte hartzen duten enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariak, baita Eskuara proiektua sustatzen duten erakunde publikoetako arduradunak ere.

 

Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Saray Zarate, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza diputatuak, eta Maria Nanclares, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak.

 

Saray Zaratek azpimarratu du euskarak enpresei balio erantsia ematen diela, eta Eskuara proiektua komunitate eta sare bat dela enpresetan hizkuntza kudeaketa praktikan txertatzeko. Maria Nanclaresek, berriz, euskararen erabilera areagotzeko aukera berriak irekitzen dituela nabarmendu du.

 

Euskararen erabilera sustatzeko zerbitzua

Eskuara proiektua 2023an sortu zen, Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Proiektuan parte hartzen duten erakundeek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute.

 

Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira proiektuko kide, eta horrek aukera ematen du ikasleen eta lan-munduaren arteko lehen harremanak euskaraz lantzeko.

 

2025eko aurrerapausoak enpresetan

Gasteizen egindako ekitaldian Eskuara proiektuaren bidez enpresek 2025ean egindako aurrerapausoak ere gogora ekarri dituzte. Besteak beste, diagnostiko linguistikoak egitea, hizkuntza politika propioak definitzea, euskararen mapak lantzea eta Euskaraldian parte hartzea, Bai Euskarari eta Bikain ziurtagirietarako prestaketa, praktikaldiak eta langileen harrera euskaraz lantzea, webguneak eta komunikazio materialak euskaratzea edota barne-komunikazioa eta lan-ingurunea euskalduntzea.

 

Esperientziak partekatu dituzte Egibide ikastetxeak eta Asafes elkarteak, hizkuntza-diagnostikoaren eta praktikaldiak euskaraz egiteko urratsen garrantzia azpimarratuz.

 

2026rako lan-ildoak

2026an Eskuara proiektuak bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko die komunitateko kideei: hizkuntza paisaia, barne-harremanak, ikasleen praktikaldia, euskararen erabileran ahalduntzea eta bezeroarentzako arreta euskaraz.

 

Gainera, martxoan abiatuko den Korrikaren harira, komunitateko enpresei gonbidapena luzatu diete euskararen aldeko lanketa lantokietan egiteko.

 

FOTOGRAFÍA: Arabako Foru Aldundia

 

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.

5 de febrero de 2026 a las 14:07