Arabako Mendialdeko Kuadrillak onartu du 2023-2027 aldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa, helburu nagusitzat hartuta euskararen erabilera barne funtzionamenduan eta herritarren arretan indartzea. Onartutako dokumentuak euskararen sustapena barne jarduera guztietan posible egitea proposatzen du.
Plana VII. Plangintzaldiko Eusko Jaurlaritzaren jarraibideekin bat dator, eta Kemen metodologia du oinarri. Hizkuntza-politikan inflexio-puntu bat da, estrategia zeharkako baten bidez, Kuadrillako sail eta zerbitzu guztietan aplikatuko dena. Bereziki azpimarratzen da herritarrei euskarazko arreta bermatzea eta hizkuntza-eskaintza aktiboa lehenestea.
Diagnostiko xehatua oinarri hartuta, planak erronka eta helburu estrategiko nagusi batzuk ezartzen ditu:
- Euskara lan-hizkuntza gisa txertatzea
- Teknikarien eta politikarien hizkuntza-gaitasuna hobetzea
- Langileen prestakuntza-eskubidea aitortzea, Udalhitz hitzarmenaren ildotik
Azken hau lehen aldiz jasotzen da, aurreko plan batzuetan berariaz ezabatu baitziren langileen ikaskuntzarako atalak. Hori zuzentzea eta hizkuntza-politika koherenteagoa, bidezkoagoa eta eraginkorragoa finkatzea da etapa berri honen helburua.
Planaren aurkezpena joan den uztailaren 24an egin zen, eta langileen jarrera eraikitzailea nabarmendu zen. Unai Sáez de Ocariz arduradun politikoak azaldu duenez, “pertsona orok administrazio honekin nahi duen hizkuntza ofizialean, oztoporik gabe eta aitzakiarik gabe, harremanak izatea” da xedea.
ARGAZKIA: Txus Díez


