Suharren familiaren salaketa: garraio egokiturik gabe dago Gorbeialde hezkuntza bereziko ikastetxera joateko

"Ikasturtea hasi zenetik, gu geu ari gara Suhar ikastetxera eramaten eta ekartzen. Horrek egunero 100 kilometro inguru egitea dakar"
Suharren familiaren salaketa eskola-garraio egokituagatik
Añadir ZUK en Google
avatar

ZUK.eus

Añadir ZUK en Google

Leire eta Isusko gara, Suharren gurasoak. Suhar Gorbeialde Hezkuntza Bereziko Ikastetxeko ikaslea da. Menpekotasun egoeran dago eta 24 orduko zaintza behar du. Ikastetxe honek bakarrik erantzuten die bere beharrei, eta ez du beste ikastetxe batera joateko aukerarik.

 

Aurreko ikasturteetan, Suharrek taxi egokitu batean egiten zuen etxetik ikastetxerako bidea. Joan den ikasturtearen amaieran jakin genuen zerbitzu hori aldatu egingo zela, bi arrazoirengatik.

 

Alde batetik, orduan arte Suhar garraiatzen zuen taxilariak berak jakinarazi zigun furgoneta egokitua aldatu zuela eta ikasturte honetan ezin izango zuela zerbitzua ematen jarraitu. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza premia bereziko ikasleen garraiorako diru-laguntzen kudeaketa aldatzea erabaki zuen: orain arte ikastetxeak kudeatzen zuen, eta ikasturte honetatik aurrera Jaurlaritzak berak kudeatuko du zuzenean.

 

Gure semearen beharrei buruzko informazioa garaiz eman zen. Joan den ikasturtearen amaieran, bai familiak bai ikastetxeak Hezkuntza Saila jakinaren gainean jarri genuen. Azaldu genuen Suharrek ikasturte honetan ere garraio egokitua beharko zuela eta zerbitzuak ezin izango zuela jarraitu modu berean. Hala ere, udako bi hilabeteetan ez da irtenbiderik bilatu.

 

Iraila hasieran, ikastetxeak jakinarazi zigun Eusko Jaurlaritzak gure semearentzat garraiorik ez zegoela helarazi ziola. Dakigunez, ikastetxeak hainbat proposamen egin ditu garraioa martxan jartzeko, baina ezezkoa jaso dute edo erantzunik gabe geratu dira.

 

Ikasturtea hasi zenetik, gu geu ari gara Suhar ikastetxera eramaten eta ekartzen. Horrek egunero 100 kilometro inguru egitea dakar, eta horrek kostu ekonomikoa, denbora eta lanean ordu edo egunak eskatu beharra, geroago berreskuratu beharrekoak.

 

Irailaren 18an, ostirala, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeari erantzun dio oraindik ez duela konponbiderik, baina bila ari dela. Hala ere, ez du behin-behineko irtenbiderik ere eman, eta bitartean guk jarraitu behar dugu garraioa gure gain hartzen. Ulergarria da administrazioak zerbitzuak hobetu edo aldatu nahi izatea, baina onartezina da aldaketa horien ondorioak familiek ordaindu behar izatea. Arazorik ez zegoen tokian sortu da arazoa, eta ikasturtea hasita ere ez da behin-behineko irtenbiderik eman. Horregatik, honako hau eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:

 

  • Suharren garraioa berehala bermatzeko behin-behineko irtenbide bat, behin betiko antolaketa berria martxan egon arte.
  • Egoera honek familiari eragindako gastuak eta kalteak bere gain hartzea.
  • Familiari eta ikastetxeari argi eta azkar erantzutea.

 

Gure semearen eskubideak urratzen ari dira: ikastetxera joateko eskubidea du, eta horretarako garraioa izatekoa. Uste dugu beste familia batzuk ere egoera berean egon daitezkeela. Hala bada, beren egoera ezagutarazteko eta protesta egiteko deia egiten diegu.

 

Leire eta Isusko. Suharren gurasoak

📲 Recibe las noticias de Álava cada día en tu móvil

avatar

ZUK.eus