Arabako enpresek hizkuntza-irizpideak ezartzearen aldeko apustua

XIII. Arabako Enpresen Foroak lan-munduan hizkuntza-kudeaketaren garrantzia azpimarratu du
Arabako enpresak hizkuntza-irizpideak ezartzeari buruz hausnartzen XIII. Enpresen Foroan
avatar

ZUK.eus

24 de septiembre de 2025 a las 11:55

Arabako Foru Aldundiak antolatutako Arabako Enpresen Foroaren XIII. edizioa egin da astearte honetan Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Jardunaldia Lanabes programaren baitan kokatu da, eta bertan parte hartu duten enpresek eta eragile sozioekonomikoek hizkuntza-irizpideak enpresetan ezartzearen beharra aztertu dute.

 

Jardunaldiaren helburua izan da lan-ingurunean hizkuntzak era egokian kudeatzeko estrategiak partekatzea eta enpresa bakoitzari bere irizpide propioak garatzen laguntzea. Bai Euskarari Elkarteak eman du jardunaldiaren zerbitzu teknikoa.

 

Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak, Joseba Koldo Perez de Heredia, eman die ongietorria parte-hartzaileei, eta ondoren, Txus Arrieta Euskararen Foru Zerbitzu buruak Lanabes ekimenaren ibilbidea eta helburuak azaldu ditu.

 

Enpresetako hizkuntza-egoerak eta irizpideak

Eguneko ardatz nagusia talde-dinamika izan da: parte-hartzaileek enpresetan sor daitezkeen hizkuntza-egoerak aztertu dituzte, eta egoera horietarako neurri eta erantzun egokiak irudikatu dituzte.

 

Horren adibide praktiko gisa, EBA SL enpresako Nerea Caballerok bere esperientzia partekatu du, enpresan hizkuntza-irizpideak ezartzeko prozesuan.

 

Etorkizunera begira

Foroan, etorkizuneko erronkak eta 2026rako lehentasunak ere identifikatu dira. Era berean, gogorarazi da praktikak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen mapa lantzen jarraitzen dutela, eta emaitzak 2026ko otsaileko foroan aurkeztuko direla.

 

Jardunaldia Make It Visual taldeak egindako laburpen grafikoarekin amaitu da.

 

Amaitzeko, parte hartzaileek adierazi dute gero eta enpresa gehiagok dutela interesa euskara planetan integratzeko eta hizkuntza-irizpide argiak ezartzeko, lan-giro euskaldunago eta eraginkorrago baten alde.

 

ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia

 

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

24 de septiembre de 2025 a las 11:55