Arabako Foru Ogasunak 1.923 milioi euro bildu ditu 2025eko abuztura arte, aurreko urteko epe berean baino 167,2 milioi euro gehiago. Horrek esan nahi du dirubilketa metatua % 9,5 igo dela, eta igoera horren atzean daude bai jarduera ekonomikoaren bilakaera positiboa, bai zerga nagusien gorakada orokorra.
Zuzeneako zergen bilketa: % 5,7ko hazkundea
Zuzeneako zergen bitartez 967,2 milioi euro bildu dira, hau da, iaz baino 51,9 milioi gehiago. Hazkunde horretan eragin handiena izan du PFEZak, eta bereziki lan atxikipenek.
PFEZaren bidez 708,2 milioi euro bildu dira guztira, aurreko urteko datuekin alderatuta % 8ko igoera suposatuz. Atxikipen bidezko dirubilketa guztira 751,9 milioi eurokoa izan da, iaz baino 50,3 milioi gehiago, eta horrek % 7,2ko hazkundea adierazten du.
PFEZari dagokionez, nabarmentzekoa da ere itzulketen bilakaera: 103,7 milioi euroko zenbatekoak izan dira 2025eko abuztura arte, eta horrek % 3,5eko hazkundea dakar aurreko urtearekin konparatuta.
Sozietateen gaineko zergaren bilketak, aldiz, 200 milioi euro izan ditu metatuta, eta horrek % 4,3ko jaitsiera dakar, iaz baino 9,9 milioi gutxiago bilduta.
Zeharkako zergak: % 11,1ko igoera
Zeharkako zergen bidez bildutako zenbatekoa 760 milioi eurokoa izan da, eta horrek % 11,1eko igoera dakar. Hazkunde horren iturri nagusiak BEZa eta hidrokarburoen gaineko zergak dira.
BEZaren bidez 514,6 milioi euro bildu dira, iaz baino 53,5 milioi gehiago, eta horrek % 11,6ko hazkundea adierazten du.
Bestalde, hidrokarburoen gaineko zergak 146,8 milioi euroko bilketa metatua izan du, eta horrek % 6,7ko igoera suposatzen du, iaz baino 9,1 milioi euro gehiago jasoz.
Bilakaera baikorra eta aurreikuspenak
Arabako Foru Aldundiaren arabera, bilketa positibo horrek erakusten du jarduera ekonomikoak indarra mantentzen duela lurraldean, eta zerga nagusien portaera orokorrak ere joera sendoa duela. 2025eko azken hiruhilekoko datuek berretsiko dute joera hori mantentzen den ala ez.
ARGAZKIA: Txus Díez


