Erriberabeitiko Udaleko osoko bilkurak ADIF Abiadura Handiko Zerbitzuari eskatu dio Ameyugo eta Manzanos arteko zatiko obrak lizitaziora ez ateratzeko, harik eta «Burgosen, Araban eta Nafarroan tren publiko sozial baterako trazadurak eta proposamena aztertzea» izenekoan jasotako alternatibaren bideragarritasuna sakon aztertu arte. Azken batean, Erriberabeitiko Udalak egungo korridorea modernizatzea bideragarria den aztertzea eskatzen du, tren publiko eta sozial batekin batera prestazio handiko tren bat martxan jartzeko.
Araban ‘de facto’
Erriberabeitiko udalbatzak eskaera hori egin du azken udalbatzan onartutako mozio batean, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak 2026an zehar Burgos Gasteiz linean falta diren tarteak lizitatu nahi dituela jakin ondoren. Ameyugo eta Manzanos arteko azpizati horrek Araban abiadura handia sartzea ekarriko luke de facto.
Hala ere, osoko bilkuran onartutako testuan jasotzen den bezala, Erriberabeitiak uste du «garai berriek konponbide berriak behar dituztela eta egungo trenbide-korridorea modernizatzea aukera egokia eta arrazoizkoa dela egungo erronkei modu erabilgarri, iraunkor, azkar eta errentagarrian erantzuteko«. Ildo horretan, gogorarazi du alternatiba garraioan eta mugikortasunean dagoela, erantzukizunetik abiatuta lurralde-kohesioa bermatuko duena, ingurunea babestuz eta herritarrei onura sozial eta ekonomikoa ekarriz.
Kalitatezko tren publiko eta soziala
«Azken batean, egungo korridorearen modernizazioak aukera ematen du hiriburuak denbora lehiakorretan lotzeko eta kalitatezko tren publiko eta soziala izateko, tokiko geraleku eta geltoki berrituekin», dio testuak.
Ekimen hau Araba eta Nafarroako Tren Publiko eta Sozialaren aldeko herri plataformak 2022an egindako crowfunding batean oinarritzen da. Ikerketa honen egileek EAEko eta Nafarroako erakunde guztietan aurkeztu dute eta, korridoreko toki entitateen eskutik, Madrilgo Kongresuan ere aurkeztu zen 2022ko ekainean.
ARGAZKIA: Txus Díez


