Juan José Montiel, 2024ko Aldecoa Sariaren irabazlea

Beñat Arguinzoniz eta Ane Labaka Champourcin lehiaketaren irabazleak
juan-jose-montiel-ignacio-aldecoa-saria-2024.jpg
avatar

ZUK.eus

1 de noviembre de 2024 a las 13:02

 

Kultura eta Kirol Sailaren mendeko Ignacio Aldecoa kultura etxeak urtero antolatzen dituen literatura sarien lehiaketaren emaitzak iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak.

 

Hauek dira irabazleak:

  • Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria: Juan José Montiel Gálvez
  • Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, gaztelaniaz: Beñat Arguinzoniz Cebrerio
  • Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, euskaraz: Ane Labaka Mayoz
  • Euskarazko literatur sorkuntzako Ignacio Aldecoa Beka: Ainhoa Urien Telletxe

 

Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria

Juan José Montiel Gálvez idazleak irabazi du Arabako Foru Aldundiak 1972tik deitzen duen Ignacio Aldecoa Sariaren 53. edizioa. Todas las tardes había fiesta kontakizun bildumako Lunes de aguas ipuinak eskuratu du saria.

 

Hala erabaki du Antonio Altarriba, María Fernanda Ampuero, Jon Bilbao, Elvira Navarro eta César Sánchez Rodriguezek osatutako epaimahaiak. Epaimahaiaren ustez, Todas las tardes había fiesta bilduma irabazlea «kontakizun liburu klasikoa da, hitzaren zentzurik onenean, irakurlea muturreko egoeretara eta itzulerarik gabeko paraje arraroetara eramaten baitu. Bakardadea, erotasuna edo desira sakontasunez, narratiba sinesgarriz eta edertasunez tratatzen ditu (…)».

 

Lehiaketa honek 12.000 euroko saria du eta eskuratzen duen ipuin bilduma argitaratu egiten da.  Saria martxoan emango diote irabazleari, Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdian. Jaialdia martxoaren 10etik 16ra egingo da, Arabako hiriburuan.

 

Juan José Montiel Gálvez Antequeran jaio zen 1973an, eta 17 herrialdetako 300 izangairen artean aukeratu dute. Dokumentazioan lizentziatua da eta Bibliotekonomian diplomatua (Granadako Unibertsitatea). Egun, kazetari egiten du lan Alcalá la Real Información egunkarian, eta duela hamar urte baino gehiagotik du idazteko zaletasuna. Orain arte, hogeita hamar sari eta goraipamen baino gehiago lortu ditu; horien artean, aipatzekoak dira Julio Visconti Fundazioaren II. Kontakizun Lehiaketako lehen saria (2017), Juan Martín Sauras Kontakizun Laburren XXIII. Lehiaketako bigarren saria (2018), Bargasko XLII. Literatur Sariketako lehen narratiba saria (2020), Terueleko Poesia Maitatzaileen LX. Lehiaketa Nazionaleko (2021) accesita, Ricardo León XI. Literatur Lehiaketako lehen saria (2021) eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako XXXVIII. Lehiaketako accesita (2021). Montielen kontakizunak hogeiren bat antologiatan sartu dituzte.

 

Ernestina de Champourcin Poesia Lehiaketa

Beñat Arguinzoniz Cebrerioren eta Ane Labaka Mayozen lanek irabazi dituzte Ernestina Champourcín 34. Poesia Lehiaketako gaztelaniazko eta euskarazko sariak, hurrenez hurren. Kategoria bakoitzean 2.000 euroko saria dago, eta irabazleen lanak argitaratu egingo dira.

 

Beñat Arguinzoniz Cebrerioren (Bilbo, 1973) La inesperada lan saritua, epaimahaiaren arabera, «erregistro poetiko zabala duen liburua da, bizitzan zehar ikusitakoa eta bizitakoa gogoratzen dugun bitartean sentitzen dugunaz hitz egiten duena. Poetak gutun luze bat idazten dio Mariari, aitortza patxadatsuak ahalbidetzen duen distantziarekin; gutunean kontatzen dio, gertatzen dena gertatzen dela ere, inoiz ez diogula ikasteari uzten (… )».

 

Euskarazko lehiaketaren saria Ane Labaka Mayozentzat (Lasarte-Oria 1992) izan da, Hezur berriak poema bildumagatik. Epaimahaiaren arabera, lan horrek “amatasunaren kokaguneari buruzko hausnarketa egiten duen poema-liburua da. Idazketaren alde apustu argia egiten duen liburua da, ahots intimo bat agerrarazten duen ahots garbi baten bidez. Bizi-prozesua eta idazketa nahasten dituzten loturak emakumearen munduan gertatzen dena azaltzeko (…)”

 

Bi kategoria horietako epaimahaikideak Kepa Murua, Angel Erro eta Catalina Garcés izan dira.

 

Ignacio Aldecoa Beka

Maiatzean iragarri zenez, Ainhoa Urien Telletxek (Abadiño, 1995) eskuratu du euskarazko literatur sorkuntzarako Ignacio Aldecoa Beka. Rikardo Arregi, Leire Vargas eta Iban Zaldua izan dira beka esleitu duen epaimahaiko kideak.

 

Ignacio Aldecoa Bekaren bidez, 8.000 euro ematen dira euskarazko literatura ipuinen bilduma bat sortzeko. Bilduma martxoan argitaratuko da, Aldecoa Jaialdia egiten den garaian.

 

Beraz, jaialdian, euskarazko ipuin bilduma aurkezteaz gain, Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria irabazi duen Juan José Montielen Todas las tardes había fiesta gaztelaniazko kontakizun liburuaren aurkezpena ere egingo da. Ainhoa Urienek eta Juan José Montielek jaialdiko jardueretan parte hartuko dute.

 

2025eko literatura sariak

Urtarrilaren lehen hamabostaldian irekiko da Arabako Literatura Sarien 2025. edizioan lanak aurkezteko epea.

 

ARGAZKIA: Ayuntamiento de Alcalá la Real

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

1 de noviembre de 2024 a las 13:02