EH Bilduk berretsi du astwarte honetan Arabako Foru Gobernuarekin 2025erako adostutako aurrekontu-akordioari jarraipena emateko borondate irmoa.
“Borondate sendoa dugu iaz ireki genituen lan-ildoetan sakontzeko. Ez dakit astea amaitu baino lehen akordiorik lortuko dugun, baina bestela, zuzenketen prozesuan negoziatzeko denbora egongo da”, adierazi du Eva López de Arroyabe EH Bilduren bozeramaileak Arabako Batzar Nagusietan.
Koalizioak nabarmendu du Foru Gobernuak “asmo eta norabide argia” behar duela eta ez dela egongo “muturreko eskuinak Arabako politikaren norabidea markatzen duten akordioetan”.
Eskua luzatuta
“EAJk eta PSEk ezin dituzte Alderdi Popularraren politikak normalizatu. Gure eskua luzatuta dago, baina bi aukera baino ez daude: PPrekin atzera egitea edo etorkizunari begiratzea EH Bilduren eskutik”, gaineratu du López de Arroyabek.
Lehentasunak
Bozeramaileak gogorarazi du iaz egindako aurrekontu-akordioak norabidea aldatu zuela Foru Aldundiaren politiketan, EH Bildurentzat funtsezko arloetan:
- Etxebizitza sozialen sustapena
- Egoitzetan plaza publikoen sorrera
- Trantsizio ekosoziala
- Toki erakundeen finantzazioa
Koalizioaren arabera, proiektu horietako askok hurrengo bi urteetarako konpromiso-kredituak dituzte eta horiek “aurrekontu-proiektuan islatu” behar dira.
Araban Bizi Bedi eta zaintza publikoak
2025ari begira, EH Bilduk Araban Bizi Bedi programaren barruko laguntzei jarraipena eman nahi die.
Zaintzaren arloan, irabazi-asmoa ezabatzeko eta adinekoentzako plaza publiko gehiago sortzeko beharra azpimarratu du, “Kanpezuko egoitza martxan jarri ostean, plaza bakar bat ere ez dagoen eskualdeetan egoera hobetzeko”.
Trantsizio energetiko eta garraio iraunkorra
EH Bilduren ustez, Araba “oso urrun dago Europako deskarbonizazio-helburuetatik”, eta horregatik proposatu du 2025ean kontsumoa murrizteko eta lurraldearen deskarbonizaziorako plan estrategikoa egitea.
Era berean, koalizioak babesten du klima-larrialdiarekin bat datorren tarifazio-sistema ezartzea eta Arababusen sare zabala sendotzea, “100 biztanletik gorako herririk geralekurik gabe utzi gabe”.
Finantzaketa lokala eta industria-politika
EH Bilduk gogorarazi du iazko aurrekontuaren gorakadari esker Arabako Foru Aldundiak Ekarpenen Legeak ezarritakoa bete duela, eta orain “bide horretan aurrera egin behar” dela, toki erakundeek baliabide ekonomiko nahikoak izan ditzaten.
Industriaren egoera “delikatua” ikusita, koalizioak proposatu du Aiaraldea eskualdean baliabideak zentratzea, poligonoak modernizatuz eta enpresei deskarbonizazioan eta sustraitzearen aldeko trantsizioan lagunduz.
Politika feministak eta euskararen sustapena
Amaitzeko, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela politika feministak eta euskararen sustapena indartzea, “gure lurraldeari ere eragiten dion eraso erreakzionario globalaren aurrean”.
ARGAZKIA: EH Bildu Araba


