Gorbeialdean Mintzalagun eta Gurasolagun taldeetan izena emateko epea zabalik dago 2026-2027 ikasturterako

Kuadrillak euskaraz aritzeko taldeetan parte hartzera animatu ditu eskualdeko herritarrak. Gainera, euskaraz ondo moldatzen diren bidelagunak bilatzen ari da, mintzapraktika taldeei laguntzeko
Arratzua-Ubarrundiko Gurasolagun egitasmoaren kartela, basoan paseatzen ari den familia baten ilustrazioarekin

Foto: Arratzua-Ubarrundiako Udala

Añadir ZUK en Google
avatar

ZUK.eus

Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.
Añadir ZUK en Google

15 de octubre de 2026 a las 11:54

Gorbeialdeko Kuadrillak 2026-2027 ikasturterako Mintzalagun eta Gurasolagun programetan izena emateko deialdia zabaldu du. Egitasmoen helburua da eskualdeko herritarrei eguneroko bizitzan euskaraz gehiago hitz egiteko aukera eskaintzea, lagunarteko giroan eta ikasgelatik kanpo. Euskaraz zoriontsu izateko bidea! lelopean, programak euskaraz aritzeko ohitura sustatu nahi du, hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi dituzten pertsonak elkartuz eta harreman berriak sortzeko bideak eskainiz.

 

Deialdia ez dago euskara ikasten ari direnentzat bakarrik zuzenduta. Euskaraz jakin arren gutxi erabiltzen dutenek, ahozko jarioa hobetu nahi dutenek eta beste pertsona batzuei euskaraz aritzen lagundu nahi dietenek ere parte har dezakete.

Mintzalagun, euskaraz hitz egiteko eta jariotasuna hobetzeko

Mintzalagun taldeak maiztasun jakin batekin elkartzen diren hiztunek osatzen dituzte. Parte-hartzaileek helburu bera dute: euskaraz hitz egitea, lagunarteko giroan, bakoitzaren ahozko gaitasuna hobetzeko. Mintzapraktikaren bidez, euskara ikasten ari direnek ikasgelan jasotako ezagutzak eguneroko elkarrizketetan erabiltzeko aukera dute. Aldi berean, euskaraz badakiten baina ohiko harremanetan gutxi erabiltzen duten pertsonek hizkuntza praktikatzeko aukera aurki dezakete.

 

Taldeen oinarria elkarrizketa da, eta ez da beharrezkoa euskara ikasten aritzea parte hartzeko.

 

Gurasolagun, familian euskaraz aritzeko aukera

Gorbeialdeko programak Gurasolagun taldeak ere eskaintzen ditu. Mintzalagun egitasmoaren aldaera honetan, gurasoak seme-alabekin batera elkartzen dira, aisialdian euskaraz aritzeko. Helburua da familiek euskarazko harremanak izateko aukera gehiago edukitzea eta haurrek hizkuntza eskolatik kanpoko egoeretan ere erabiltzea.

 

Arratzua-Ubarrundian, esaterako, ikasturte honetan Gurasolagun talde bat sortu nahi da. Proposamena da familiak hilean behin elkartzea, mendira irteerak, jolas-saioak edo tailerrak egiteko. Arratzua-Ubarrundiko talde horretan parte hartu nahi duten familiek berariazko formularioa bete dezakete.

Bidelagunak bilatzen dituzte 2026-2027 ikasturterako

Aurtengo deialdiaren berritasun nabarmenetako bat bidelagunak bilatzeko egindako eskaera berezia da. Bidelagunak euskaraz ondo moldatzen diren pertsonak dira, eta Mintzalagun taldeetako kideei euskaraz aritzeko bidean laguntzen diete. Haien egitekoa da elkarrizketak erraztea eta parte-hartzaileek konfiantza hartzeko giro egokia sortzen laguntzea.

 

Horregatik, Gorbeialdeko Kuadrillak euskaraz erraz hitz egiten duten herritarrak ere animatu ditu programan izena ematera.

 

Urrian zehar eman daiteke izena

Mintzalagun, Gurasolagun edo Bidelagun egitasmoetan parte hartu nahi dutenek urrian zehar egin ahal izango dute izen-ematea. Horretarako, izen-emateko diptikoa deskargatu, bete eta helbide elektroniko hauetako batera bidali behar dute:

 

 

📲 Recibe las noticias de Álava cada día en tu móvil

avatar

ZUK.eus

Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.

15 de octubre de 2026 a las 11:54