Laudioko Udalak 2026ko Sanroke jaiak prestatzeko parte-hartze prozesua abiarazi du, herritarren iritzia eta ekarpenak jaso asmoz. Prozesua irailaren 15etik 30era egongo da zabalik, eta helburua da datorren urteko jaiek herriaren izaera eta aniztasuna islatzea.
Parte hartzeko bi modu egongo dira: online formulario baten bidez, edo HAZeko sarreran eskuragarri egongo den inprimakia betez. Inprimaki horiek partaidetza web ataritik deskargatu daitezke, eta HAZeko eta auzo kontseiluetako postontzietan utzi.
“Gure jaiak herritik herriarentzat”
Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak adierazi duenez, “Gure jaiak aniztasunez jantzitakoak eta partizipatiboak izatea nahi dugu, horregatik, herriak bere jaiak definitzen parte hartu behar du, bere nortasunaren parte direlako”.
Ekarpenen epea bukatuta, proposamenak jaietako lantaldean aztertuko dira, eta 2026ko egitarauan sartuko dira, betiere bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa betetzen badute.
“Guztion artean lortuko dugu pluralak, berdintasunezkoak eta errespetuzkoak diren jaiak eraikitzea”, gaineratu du zinegotziak.
Jaietako lantaldea: irekia eta herritarrentzako zabalik
Jaietako lantaldea irekia da, eta herritar orok parte har dezake. Lehenengo bilera urriaren 6an izango da, arratsaldeko 18:30etan, Kultura Etxeko Arraño gelan. Hurrengo hitzorduak aurrerago zehaztuko dira.


