Zaramaga auzoko frontoian, azaroaren 20an eta 27an, Eskuz Binakako Elite Txapelketa egingo da, eta espezialitateko pilotari garrantzitsuenetako batzuek parte hartuko dute.
Zaramaga Pilota Klubak antolatzen dituen jardueren artean finkatu da txapelketa, eta hilaren 20ko eta 27ko ostegun arratsaldeetan Eugenio Rafaelen oroimenezko partida historikoaren jarraipen gisa sortutako Elite Txapelketa honen zazpigarren edizioko finalerdiak eta finala jokatuko dira, hurrenez hurren, eta, ondoren, 2018tik egiten den Txapeldunen Txapelketa.
Pilotazaleen tradizio handiko auzoa
«Zaramagak berriro erakutsi du pilotazaleen tradizio handiko auzoa dela. Txapelketa hau finkatuta dago jada, eta jendea haren zain egoten da. Pilotari onenetako batzuk biltzen ditu, eta horrek islatzen du zer nolako lana egiten duen klubak urte osoan», adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.
Lehiakortasun maila handiari eusteko, joan den urteaz geroztik, Zaramagako Txapelketa Sozialaren azken bi edizioetako finalistak biltzen ditu txapelketak. Klubeko txapelketarik zabalena eta adierazgarriena da, eta pilotaririk onenek parte hartzen dute, bai gizonezkoek, bai emakumezkoek.
Bi saioak 18:15ean hasiko dira, klubeko pilotarien arteko adiskidetasunezko partidekin, jaialdi nagusia hasi baino lehen.
Pilotariak
Parte hartuko duten pilotarien artean, gaur egungo izen nabarmenetako batzuk daude: Hegoi Txoperena (Aurrera), Aimar Okamika (Lea Ibarra), Ander Etxaniz (Soraluze), Xabier Iribarren (Txukun Lakua), Aitor Alduntzin (Zugarralde), Endika Uriondo (Lea Ibarra), Mikel Aranguren (Eple) eta Intza Garaño (Larraun).
Topaketa honekin, Zaramaga Pilota Klubak berriz ere erakutsi du pilota sustatzeko eta auzoa dinamizatzeko duen konpromisoa. Horretarako, maila handiko bi jardunaldi eskainiko ditu, zeinek bizirik mantentzen baitute txapelketa hau eragin zuen memoriaren espiritua.
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia


