Ekiola Aiara herritarren kooperatiba energetikoa uda honetan hasiko da eguzki energia berriztagarria sortzen Aiaraldearako, Saratxon (Amurrio) eraikitako instalazio fotovoltaikoa amaitu ondoren. Proiektuak eskualdeko etxebizitza, saltoki, establezimendu eta enpresa txiki eta ertainei emango die zerbitzua, baita ibilgailu elektrikoak kargatzeko bost guneri ere.
Instalazioak urtean 1.550 MWh ekoizteko gaitasuna izango du eta 610 Wp bifazialeko 2.064 eguzki panelez osatuta dago. Karga puntuak Laudio, Amurrio, Arespalditza, Luiaondo eta Okondon kokatuko dira.
Kilometro zero energia berriztagarria Aiaraldearako
Ekiola Aiara Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Arabako Foru Aldundiaren eta Mondragon Korporazioko Krean ingeniaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da. Proiektua komunitate energetikoentzako Europako pizgarrien programaren barruan dago eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu da.
Inbertsioa guztira 1,9 milioi eurokoa izan da, eta horietatik 1,1 milioi euro Europako laguntzetatik datoz. Horri esker, kooperatiban sartzeko herritarrek egin beharreko ekarpena txikiagoa izango da. Ekiolak emandako datuen arabera, urtean 2.200 kWh kontsumitzen dituen pertsona batek 1.900 euro inguruko ekarpena egin beharko du urtean kontsumitzen duen energia bera sortzeko.
Autokontsumoa eta burujabetza energetikoa helburu
Proiektuaren helburua da autokontsumoa eta burujabetza energetikoa sustatzea, kooperatibako bazkideek urtebeteko epean beren energia eskariaren %100 estaltzea lortzeko. Sortutako energiaren batez besteko prezioa 30 euro/MWh ingurukoa izango da, zergak eta bidesariak aparte, eta instalazioak 30 urteko bizitza erabilgarria izango du.
Gainera, bazkideek APP baten bidez kontrolatu ahal izango dituzte kontsumoak, prezioak eta ekoizpena.
Informazio kanpaina Laudio eta Amurrion
Azken hilabeteetan Aiaraldeko hainbat eragilerekin bilerak egin ondoren, Ekiolak informazio kanpaina bat jarriko du martxan maiatzean eta ekainean herritarrei eta eskualdeko negozioei proiektua ezagutarazteko. Maiatzaren 21ean eta 22an informazio karpak jarriko dira Laudioko eta Amurrioko azoketan. Horrez gain, hitzaldi irekiak egingo dira maiatzaren 28an Amurrion eta ekainaren 4an Laudion.
Gaur egun, Araban beste hiru Ekiola daude martxan: Mendialdea, Lautada eta Gorbeialdea. Aiara izango da zerbitzuan jarriko den laugarrena.
ARGAZKIA: Arabako Foru Aldundia



