Neikerrek ebaluazio genetiko bateratua garatu du Pirinioetako latxa eta manex ardien hobekuntzan aurrera egiteko

Mugaz gaindiko ARDI2 proiektuak bi esne-ardi arrazen hautaketa genetikoa koordinatzeko urratsak egin ditu, eta abeltzaintza-ustiategiak kudeatzeko tresna digital berriak garatu ditu
Ardi artalde bat larrean

Ardi artalde bat. Foto: Neiker

Añadir ZUK en Google
avatar

ZUK.eus

Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.
Añadir ZUK en Google

14 de octubre de 2026 a las 14:41

Neiker zentro teknologikoak ARDI2 mugaz gaindiko proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu asteazken honetan Donezteben (Nafarroa). Egitasmoaren helburua Pirinioen bi aldeetako latxa eta manex ardien hobekuntza genetikoko programak koordinatzea da. Lortutako aurrerapenen artean daude ebaluazio genomiko bateratua, jasangarritasunarekin lotutako hautaketa-irizpide berriak eta abeltzaintza-ustiategien eguneroko kudeaketa errazteko tresna digitalak.

 

Hiru urtez garatu den proiektua Neikerrek gidatu du, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko zentro teknologikoak.

 

Latxa eta manex ardiak Pirinioetako bi esne-ardi arraza autoktono dira, eta lotura historiko estua dute. Garrantzi ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa dute mugaren bi aldeetako abeltzaintzan. Hala ere, hazkuntza-programak bereizita garatu dira, ebaluazio-sistema desberdinekin, eta horrek zaildu egin du informazio genetikoa eta produktiboa partekatzea.

 

ARDI2 proiektuak desberdintasun horiek murriztu eta hobekuntza genetikorako programa komun bat garatzeko aukerak aztertu ditu.

 

Ebaluazio genetiko bateratua latxa eta manex ardientzat

Proiektuaren emaitza nagusietako bat bi arrazen nazioarteko ebaluazio genomikoan egindako aurrerapena izan da. Ebaluazio horrek esne-ekoizpenarekin, esnearen osaerarekin eta errapeen morfologiarekin lotutako ezaugarriak hartzen ditu kontuan. Latxa eta manex ardiek antzeko ezaugarri fisikoak dituzten arren, lurralde bakoitzeko hazkuntza-programek ez dituzte beti irizpide eta metodologia berak erabiltzen. Horregatik, ikertzaileek ebaluazio-sistemak alderatu dituzte, eta erabilitako metodoen arteko baliokidetasunak ezarri dituzte, bi populazioetako datuak elkarrekin aztertu ahal izateko.

 

«Ebaluazio honek modua ematen du bi populazioen informazio genetikoa alderatzeko eta, era berean, animalien ekoizpen-ahala zehaztasun handiagoz zenbatesteko», azaldu du Itsasne Granado Tajada Neikerreko ikertzaileak. Haren esanetan, informazio horrek ugaltzaileen hautaketa hobetzen lagun dezake, baita abeltzainen, elkarteen eta hautaketa-zentroen erabakiak errazten ere.

 

ARDI2 egitasmoak 2018tik 2021era garatutako ARDI proiektuari ematen dio jarraipena. Aurreko lan horri esker, hazkuntza-programen koordinazioan aurrera egin zen, eta ARTALDEAN sortu zen, bi arrazen inguruko erakundeak biltzen dituen Europako Interes Ekonomikoko Taldea.

 

Metano-emisioak eta beroarekiko tolerantzia, hautaketa-irizpide berrien artean

Ekoizpenarekin eta genetikarekin lotutako ohiko adierazleez gain, ARDI2 proiektuak klima-aldaketara egokitzearekin eta ingurumen-inpaktuarekin zerikusia duten ezaugarriak aztertu ditu. Ikerketak metano-emisioak eta beroarekiko tolerantzia hartu ditu kontuan, etorkizunean ezaugarri horiek hautaketa genetikorako programetan txertatzea teknikoki bideragarria den ebaluatzeko.

 

Helburua da klima-aldaketara egokitzeko eta abeltzaintza-ustiategien jasangarritasuna hobetzeko baliagarriak izan daitezkeen ezaugarriak identifikatzeko informazioa eskuratzea.

 

Bestalde, LIFE Green Sheep egitasmoarekin lankidetzan, diagnostiko agroekologikoak egin dituzte latxa eta manex ardien ustiategietan. Azterketa horien bidez, abeltzaintza-jardueren eta ingurumenaren arteko harremana hobeto ezagutzeko datuak bildu dituzte.

 

Ikerketak abeltzaintza ekologikoko ustiategien egoera berezia ere aztertu du. Ekoizpen-sistema horietan tratamendu hormonalak erabiltzeko mugak daude, eta horrek ugalketa lagunduko zenbait teknika aplikatzea zaildu dezake. ARDI2 proiektuak alternatibak aztertu ditu, ustiategi ekologikoek hobekuntza genetikoko programetan parte hartzeko aukera gehiago izan ditzaten.

 

Esnearen osaera aztertzeko teknologia berriak

Proiektuaren beste lan-ildo bat esne-kontroletan jasotako laginak baliatzea izan da, esnearen osaerari buruzko informazio zehatzagoa lortzeko. Infragorrien bidezko analisi-teknikak erabilita, ikertzaileek esnearen osagaiak aztertu dituzte, besteak beste kaseinak —esnearen proteina mota bat— eta gantz-azidoak.

 

Informazio horrek osaera-profil jakin bateko esnea ekoizten duten animaliak identifikatzen lagun dezake, eta ezaugarri horiek etorkizuneko hautaketa- eta hazkuntza-prozesuetan kontuan hartzeko aukera eman. «Informazio hori oso baliagarria da abeltzaintza-sektorerako, zuzenean eta modu praktikoan erabili ahalko delako osaera-profil espezifiko bat daukan esnea ekoizten duten animaliak errazago identifikatzeko», azaldu du Granado Tajadak.

 

Latxa ardietatik lortutako datuak Europako erreferentziazko datu-base batean ere sartu dituzte, analisi-tresnen funtzionamendua doitzeko eta haien zehaztasuna hobetzeko.

 

LatxApp, latxa ardien artaldeak kudeatzeko tresna digitala

ARDI2 proiektuak abeltzaintza-ustiategien digitalizazioan ere egin du lan, datu genetikoak eta produktiboak eguneroko kudeaketan erabiltzea errazteko. Latxa arrazarentzat LatxApp izeneko web-aplikazioa garatu dute. Tresna horrek animalia bakoitzaren historia leku bakarrean biltzeko eta artaldearen kudeaketari buruzko txostenak egiteko aukera ematen du.

 

Horrela, abeltzainek informazio eguneratua kontsulta dezakete, ustiategiaren maneiuarekin eta ekoizpenarekin lotutako erabakiak hartzeko.

 

Manex arrazaren kasuan, berriz, banakako neurketa-sistema elektronikoak dituzten jezte-geletara zuzenean konektatutako kudeaketa-programa bat garatu dute. Sistema horren bidez, ziurtatutako neurgailuek jasotako esne-ekoizpenaren datuak automatikoki txertatzen dira ustiategiaren kudeaketan eta hazkuntza-programan.

 

Tresna digital horiek informazioa eskuratzeko aukera hobetzea eta erregistro-lanak erraztea dute helburu. Gainera, berrikuntza teknologikoa abeltzaintzan belaunaldi-erreleboa laguntzeko baliabide gisa ere planteatu dute proiektuko arduradunek.

 

Euskadi, Nafarroa eta Frantziako abeltzaintza-erakundeen arteko lankidetza

ARDI2 proiektuak Pirinioen bi aldeetako abeltzainen, teknikarien, hazkuntza-elkarteen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza zabaldu du. Latxa arrazaren aldetik, ASLANA Nafarroako abeltzainen elkarteak, ARDIEKIN intseminazio-zentroak eta Neikerrek parte hartu dute.

 

Manex arrazaren aldetik, berriz, hazkuntza-programaz arduratzen den CDEO zentroak eta IDELE eta INRAE ikerketa-zentroek hartu dute parte. Egitasmoak Europar Batasunaren finantzaketa ere jaso du, POCTEFA mugaz gaindiko lankidetza-programaren bidez (EFA032/01).

 

📲 Recibe las noticias de Álava cada día en tu móvil

avatar

ZUK.eus

Medio digital independiente de los pueblos y cuadrillas de Álava.

14 de octubre de 2026 a las 14:41