Euskara, guztiontzako aterpe eroso eta irekia

Korrikaren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin da ostegun honetan Araban. Aurtengo leloa ‘Euskara gara’ izango da
Korrika 24 aurkezpena Gasteizen AEKren eskutik
avatar

ZUK.eus

13 de noviembre de 2025 a las 14:10

Korrikaren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du ostegun honetan AEKk Gasteizko Izaskun Arrue KulturguneanOraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an; eta gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.

 

Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute aurkezpen-ekitaldia, non AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe igo diren oholtzara.

 

Mundu oso bat sartzen da

Begiristainek, lehenik, azpimarratu du Korrikaren 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza… Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.

 

 

Etxezarretak, bere aldetik, hiru mezu helarazi dizkio jendarteari. Batetik, Begiristainen hitzen ildotik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia: “Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea”. Bigarrenik, presa: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”; eta zera gehitu du: “Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda”. Hirugarren mezua instituzioei helarazi die. Euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, “hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra” aipatu du.

 

‘Euskara gara’ leloa

Ondoren, Korrikaren mezua azaltzeko, Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek hartu du hitza. Euskara gara leloak jendartea du helburu: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”. Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza edo justizia sozialaren hizkuntza”.

 

Errigorari gorazarrea

Korrikak Errigora omendu nahi du; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko. Elordik adierazi legez, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.

 

Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere: “Guztioi esker, Euskara gara”.

 

Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea. Izan ere, aurkezpen honekin batera piztu da Korrikaren garra, eta, euskararen aldeko lasterketa martxoan izan arren, bitartean hamaika hitzordu egongo dira, Korrika Kulturala kasu. Hala, Kaka antzezlana —Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea— izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera egongo da.

 

Korrika poltsikoan

Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat.

 

Korrika dendak, zabalik

Hiriburuetako Korrika dendak eta online-denda irekita daude jadanik. Bertan izango dira salgai arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak.

 

ARGAZKIA: Korrika

 

VITAL-ARTEA-2025_GIF-1206x176-.gif
avatar

ZUK.eus

13 de noviembre de 2025 a las 14:10